Behar bereziak dituztenentzako eguneko zentroa zabalduko dute

Anboto 2012ko urt. 17a, 09:32

Aurtengo aurrekontuetan dagoeneko 300.000 euroko diru partida gorde du eguneko zentroa eraikitzeko. Geu Be elkarteak bere sorreratik eskatutako egitasmoa da eguneko zentroarena

Aurtengo aurrekontuetan dagoeneko 300.000 euroko diru partida gorde du eguneko zentroa eraikitzeko. Geu Be elkarteak bere sorreratik eskatutako egitasmoa da eguneko zentroarena.

 

Oraindik kokalekua zein izango duen zehaztu ez badute ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Durangaldean eguneko zentroa egitea onartu du bere aurrekontuetan. Guztira 1,3 milioi izango lituzkeen proiektua 2012an hastea aurreikusi dutela adierazi du Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak. Aldundiak onartuta dituen aurtengo aurrekontuetan 300.000 euro bideratu ditu egitasmo horretarako.

 

Behar bereziak dituzten familien Geu Be elkartea barikuan batzartu zen aldundiko arduradunekin, eta sorpresa handia hartu dute berria jakitean: "hitz barik gelditu ginen; krisi momentuetan gaudela kontutan hartuta, aurten oso zail ikusten genuen proiektua onartzea", azaldu du Jose Alfaro Geu Be-ko koordinatzaileak. Geu Bek bere sorreratik jardun du eguneko zentroa eskatzen; "batez ere premia horregatik sortu zen elkartea", eta euren eskaera nagusia beteta, orain "laino batean" daudela adierazi du Alfarok.

 

Geu Be-ko kideei adierazi dietenez, eguneko zentroaren lehen harria uda baino lehen ipiniko dute: "esan digutenez gehienez 24 hilabete iraungo du eraikuntzak, baina luzatzen bada ere berdin dugu, egin egingo da eta!".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!