Durangaldeko Lehiakortasun Poloaren gorabeherak aurkeztu dituzte Sabadellen (Bartzelona), Mendebaldeko Valleseko Lanbide eta Ekonomia Sustapenerako Partzuergoak gonbidatuta.
Gaur egungo egoera ekonomikoa hobetzeko administraziotik gauzatu daitezken eta gauzatu behar diren ekintzei buruz hausnartu eta eztabaidatzeko antolatutako foroan parte hartu zuten Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko arduradunek. Tokiko garapenerako esparruan garatutako jarduera aurkezteko gonbidatu zuten Amankomunazgoa, bereiziki eskualdean garatzen diharduen Durangaldeko Lehiakortasun Poloa deritzon esperientzia azaltzeko.
Ohar baten azaldu dutenez, Iurretako alkate eta Amankomunazgoaren Ekonomia eta Lanbide Sustapenerako Batzordeburu Iñaki Totorikaguena buru izan duen ordezkaritzak, beste tokiko esperientzien berri izan eta ikasteko aukera izan du. Baita, Bartzelonako Diputazioko ordezkariekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian garatzen diharduen hainbat jarduera alderatzeko aukera ere: "Oso positiboa izan da ekonimikoki garatuta dauden beste toki batzuetako esperientziak parekatzea, kasu honetan, Bartzelonako Mendebaldeko Valleseko ingurukoekin (Sabadell eta Terrassa lako hiri garrantzitsuak batzen ditu horrek). Egiten ari denaz jabetzea, gure esperientzia transmititzea eta ikuspuntuak partekatzea", dio Totorikaguenak. "Bide onetik goazela uste dut".
La cooperación vertical entre las políticas públicas y la Administración Local. Redes y Agencias eztabaida-bileran parte hartu zuen Durangaldeko Behargintzako Zuzendaria den Augusto Uriartek. Durangaldeko esperientzia azaldu zuen berak. Administrazio eta enpresen arteko elkarlan publiko-pribatuaren "beharra eta onura" azpimarratu zituen berak, jakin eragin dutenez; baita enpresen lehiakortasuna hobetzera zuzenduta dauden neurriak ezartzearen garrantzia ere: "Durangaldeko Enpresen Elkartea, Azterlan, heziketa-zentroak eta Amankomunazgoaren arteko elkarlana oso ona izaten ari da, eta kooperazio lanak egitera bultzatzen ari da, emaitza oso onak emanez".
¿Cómo podemos contribuir los territorios a salir de la crisis? deituriko foro horretan 150 lagun inguruk parte hartu dute, enpresa arlokoak zein arlo tekniko eta politikoan diharduenak.