Elorrion ziklo-krosa eta Zaldibarren MTB martxa

Anboto 2011ko aza. 26a, 08:31

Domeka goizean bizikleta proba bana egongo da Berrizen eta Zaldibarren

Domeka goizean bizikleta proba bana egongo da Berrizen eta Zaldibarren.

 

Elorrioko ziklo-kros proba ikusi ala Zaldibarko mendi bizikleta martxan parte hartu: horra domeka goizean bizikleta zaleek egin beharko duten hautua.

 

Elorrioko lasterketa profesionala da, eta Euskaldun Torneorako puntuagarria. San Roke inguruan (San Jose zelaian) 2,9 kilometroko zirkuitua atondu du Elorrioko Txirrindulari Elkarteak, eta elite mailakoek zein 23 urtez azpikoek 12:00etan ekingo diote lehiari. Aurretik, 10:00etan eta 11:00etan, kadete eta gazte mailakoak igoko dira bizikleta gainera. Lasterketa Elorrioko Udalaren eta Gaursa-Renaulten laguntzari esker antolatuko da.

\"\"

 

Zaldibarko mountain bike martxa domekan, 10:00etan, hasiko dute udaletxeko plazan. Izena 09:00etatik aurrera eman ahalko da, eta doakoa da. Zaldibarko Lagun-Arteak antolatu du martxa, eta ibilbide bi prestatu dituzte: 34 kilometroko luzea eta 19 kilometroko laburragoa.

 

Murgoitio eta Lejarreta

Joan zen asteburuan Itsasondoko ziklo-kros proba Egoitz Murgoitiok (Hirumet) irabazi zuen. Horrenbestez, zazpi garaipen daramatza segidan. Iñaki Lejarreta (Orbea) hirugarren zihoan, baina zulatu baten ondorioz bosgarren amaitu zuen. 23 urtez azpikoan, denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Jonathan Lastrak (Hirumet). Domekan Belgikako Munduko Kopako proban parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!