Durangaldeko hainbat herritan kontzentrazioak egingo dituzte ‘Beldur barik!’ lemapean.
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren harira hainbat ekitaldi prestatu dute Durangaldean. Aipatu baita Durangaldeko hainbat Udaletan Emakumeen Kontrako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren haritik moziak onartu dituztela horren kontrako aldarria eginez. Adierazpen instituzionalak ere irakurri dituzte, Durango eta Iurreta, esaterako. Zaldibarren, Atxondo eta Berrizen, bestalde, moziak aurkeztu eta onartu dituzte.
Durango
Durangon, udaletxe parean kontzentratuko dira 13:00etan, eta 20:00etan manifestazioa abiatuko dute Andra Mariatik. Udalak gonbit egin die herritar guztiei, eta bereziki neska-mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldiotan "era aktiboan" parte hartzera; baita, Plataforma Feministak ostegunero Andra Mariko atarian, 20:00etan antolatzen duen kontzentrazioetan parte hartzera, "indarkeria horren aurka modu publikoan agertzeko".
Honako adierazpen instituzionala irakurri zuten, atzo, udaeko bilkur aretoan:
Elorrio
Elorrion more kolorea hartuko dute etxeetako leihoek, udalak puntu morea banatu du-eta postontzietan helburu horregaz. Gainera, herritarrak indarkeria mota horren gainean sentsibilizatzeko eta informatzeko gune bana atonduko dute azoka ondoan (13:30era arte) eta Herriko Plazan (17:00etatik 19:00etara). Arratsaldeko 19:00etan kontzentrazio isila egingo dute plazan.
Iurreta
Iurretan gaztetxoengana ere heldu gura dute, eta eurei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina egingo dute herriko ikastetxeetan, 16:30etik aurrera. Aipagarriak dira datorren asteleheneko Ibarretxe kultur etxeko ekintzak ere: 18:15ean mestizaje literaturari buruzko tailerra egingo dute, eta 20:00etan Divinas antzezlana eskainiko du Oihulari Klown taldeak.
Berriz
Berrizen, 19:30ean kontzentratuko dira Urtiaga plazan, eta segidan Beldur Barik Lehiaketako sari-banaketa egingo dute. Aurretik, 18:00etan, Helena Taberna zuzendari duen Nagore filma eskainiko dute Kultur Etxean. Aipatutakoaz gainera, azaroaren 27an, 19:30ean, Txirene antzerki taldeak Gezurrezko printzea antzezlana eskainiko du Kultur Etxean.
Zaldibar
Zaldibarren, gaur goizean, genero indarkeriaren aurkako ibilbidea egin dute Lehendakari Agirre parketik udaletxeraino, eta ondoren manifestua irakurri dute. 21:30ean, berriz, Viajeras al tren antzezlanagaz gozatu ahalko dute eskolako aretoan.
Abadiño
Abadiñon, arratsaldean egingo dute elkarretaratzea Traña-Matienan. Trañabarren kalean jarri dute indarkeria matxistaren kontrako aldarria egiteko hitzordua 19:15ean, Udalak eta AnbotoAzpikoDamak elkarteak. Bertan, agiri bat banatuko da emakumeen elkarteko, jabekuntza tailerreko, Batugara taldeko eta Udaleko Berdintasun Saileko kideek idatzitakoa. Ondoren, No es facil antzezlana aurkeztuko du Errota kultur etxean; 20:00etan izango da hori.
Gaurko ekitaldi horiez gain, abenduaren 1ean, zineforuma egongo da Errota kultur etxean. Antonia filma proiektatuko da. Marleen Gorrisek zuzendutako filmak feminismoarekin engainatua dagoen emakume holandar baten kezkak azaltzen ditu. Aipatu eratutako egitarauaren barruan, Udalak ikastaroa antolatu duela emakumeek historian barreba bete duten zeregina ardatz hartuta.
Atxondo
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunagaz lotutako mozioa onartu zuen udalbatzarrak, astelehenean. Gaurko elkarretaratze bi antolatu dituzte: 12:00etan eta 18:45ean deitu dute elkarretaratzea udaletxearen aurrean. Horrezaz gain, 19:00etan zine-foruma egongo da Atxondoko Lamiak elkarteak antolatuta: Te doy mis ojos filma eskainiko dute.
"Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, aurten, berriro ere, gazteriarengan jarri nahiko genuke arreta. Izan ere, indarkeriaz hitz egiteko beharraz gainera, errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasuna oinarri dituzten harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko beharra ikusten dugu.
Erakundeek, hedabideek eta gizarteak oro har bukarazi beharreko arazo sozialtzat jotzen da emakumeenganako indarkeria. Hori azken urteotan erdietsitako lorpen garrantzitsua izan da. Halarik ere, askotan, indarkeria mota hori egoteko arrazoia ez dago ezagutzerik, ezta haren sustraiak zeintzuk diren ere, edo, besterik barik, ez da horren gainean informatzen. Askotan, “gaitz” hitza erabiltzen da hura definitzeko, jasan beharreko ezbehar bat izango balitz bezala, inolako arrazoirik gabe eta horren erantzule izango ez bagina bezala. Gizarteak neska gazteen kontrako indarkeria kasu ugari ikusten ditu txundituta, eta ez daki zer ari den gaizki egiten, gailentasun matxistako eredu patriarkalak izateko oraindik nagusi gazteen arteko harremanetan.
Ezin dugu ahaztu Durangoko Ertzain-etxean, aurten, jarri diren hemeretzi salaketak, eta prozesu judizialak eskatzen duen zuhurtasuna ahantzi gabe, gogoratu beharra dugu gure herrian duela gutxi gertatutakoak, esaterako, oraindik argitu barik jarraitzen duen emakume baten heriotza, San Fausto jaietan izandako sexu-eraso ahalegina edota adin txikiko bati egindako erasoa kalean.
Testuinguru horretan, ezinbestekoa da begirada zabaltzea, emakumeenganako indarkeria matxistari buruzko ikuspuntu globala izatea, tratu txar fisikoak eta hilketa matxistak baino haragoko elementuak barne hartzeko eta gizartearen esparru guztietan mantentzen diren desberdintasunen adierazpen basatitzat jotzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak eta eremu sozio-ekonomikoetan irauten duten eredu patriarkalak sakon eraldatu barik, ez eta gizon eta emakumezkoen harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua ere.
Prozesu horri ekiteko, beharrezkoa da erreferente positiboak edukitzea. Xedea ez da gazteriak egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, baita maitasuna eta harreman afektiboak errespetuz eta aukeratzeko askatasunez, eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere. Horretarako, aurtengo kanpainaren lema Beldur Barik Jarrera da. Gizarte berdinagoa eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrera txiki horiek landu nahi ditugu gazteekin. Neskekin, euren autonomia eta jabekuntza sendotzen dituzten jarrerak landu nahi ditugu, izan ere, horiek mugak gainditzen eta estereotipo sexistak apurtzen lagunduko diete. Mutilekin, berriz, matxismoa deslegitimizatzeko jarrerak landu nahi ditugu, baita maskulinotasun hegemonikoaren eredutik aldetzekoak ere.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek ONARTU EGITEN DU KONPROMISOA, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua garatzeko, arreta berezia jarriz neska gazteengan, eta, betiere, euren partaidetza aktiboarekin.
Horretarako, ekimenak abiaraziko ditu neskei beharrezkoak zaizkien baliabideak emateko, euren jabekuntza sendotu dezaten eta euren identitatea eraikitzeko eta berdintasun harremanak ezartzeko beste eredu batzuk aurki ditzaten. Onartu egiten du gazteek parte hartzea jarrera sexistak zalantzan jartzeko eta matxismorik gabeko jarrera hartzeko. Horretarako, ikusten dituzten erasoen kontra paper aktiboagoa izatera animatu behar ditugu neskak eta mutilak, bai eta desberdintasunak betikotzen laguntzen duten aurreiritziak eta estereotipoak antzematera ere.
Bide beretik, abian jarriko dira mutilei zuzenduriko ekimenak, euren gizonezko eredua emakumeenganako errespetuan eta euren harreman afektibo-sexualen eraketan oinarritzeko".