Amaiur nagusitu da Durangaldean

Anboto 2011ko aza. 21a, 10:25

Hamabi herrietatik bederatzitan irabazi du. EAJk, Durangon, Berrizen eta Garain

Amaiur koalizioak jaso ditu bozkarik gehien Durangaldean. Hamabi herritatik bederatzitan nagusitu da: Abadiño, Atxondo, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarren. EAJk Durangon, Berrizen eta Garain atera ditu boto gehien.

EAJ 2008an bederatzi herritan izan zen alderdirik bozkatuena (Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Otxandio). 2011n aldiz, Durangon, Berizen eta Garain nagusitu da. Kontuan hartzekoa da 2008an Ezker Abertzaleak abstentziorako deia egin zuela (%39,9ko abstentzioa izan zen).  Beste herrietan behera egin arren, Durangon 286 boto irabazi dituenez, datu orokorretan aurreko hauteskundeekin alderatuta ez da jaitsiera nabarmenik gertatu (20 botoko aldea baino ez da izan datu orokorrei erreparatuz gero).

PSE-EE eta PP

PSE-EEri dagokionez, estatuko datuekin gertatu den moduan, eskualdean ere alderdi sozialistak behera egin du nabarmen.  2008an 8.923 boto lortu zituen eta hiru herritan bozkatuena izan zen (Abadiño, Iurreta eta Zaldibar). 2011n berriz, 5.319 boto eskuratu ditu (3.604 gutxiago). Herri batean ere ez da indar bozkatuena izan. Alderdi Popularraren kasuan, bozka kopurua mantendu egin du: 2008an 4.126 boto eskuratu zituen eta 2011n 4.156.

Datu orokorrak

Honenbestez, PPk gehiengo absolutua eskuratu du Espainiako hauteskundeetan. Mariano Raxoi izango da beraz, datozen lau urteotan presidente.  Euskal Herriari dagokionez, Amaiur bigarren indar politikoa da botoetan eta lehenengoa diputatu kopuruan. Hego Euskal Herrian, zazpi  eskuratu dituzte (332.377 boto). UPN-PP, EAJk eta PSE-EE/PSNk bosna dituzte. Bizkaian, %100 zenbatuta, EAJk 3 diputatu ditu, PSEk 2, Amaiurrek 2 eta PPk 1.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!