Hauteskundeen harira hainbat ekitadi burutu dituzte alderdi politikoek.
Domekakoak hauteskunde orokorrak badira ere, botoak herriz herri bilatu dituzte Kongresuan eta Senatuan ordezkaritza bilatzen duten alderdi politikoek. Durangaldean ere hainbat ekitaldi izan dira.
EAJko Andoni Ortuzar eta Josu Erkorekak mitina eskaini zuten Mallabian hilaren 6an, eta joan zen barikuan Durangoko Ezkurdira etorri ziren berriro, Aitor Estebanegaz batera. Hurrengo egunean txokolatada egin zuten Ezkurdin, Durangoko alkate Aitziber Irigoras tartean zela.
PSE-EEri dagokionez, Kongresurako Bizkaiko Hautagaia den Eduardo Madina eta alderdi sozialistako bozeramaile den Iñaki Egañak hitzaldia eskaini zuten Durangon, etorkizunari begira dituzten asmoak azaltzeko.
Alderdi Popularraren kasuan, Durangoko kaleetan euren programa laburbiltzen duten informazio orriak banatu dituzte; Juan Jose Gastañasatorrek Durangoko PPko zinegotziak parte hartu du ekimenean.
Amaiur koalizioari dagokionez, eguenean, ekitaldi politikoa egin zuten Durangon eta Bizkaiko zerrendaburu Iñaki Antiguedad eta bigarren zerrendaburu Jon Inarritu izan ziren hizlariak. Horrez gainera, Zornotzako Zelaieta frontoian ere azaldu zuten euren proiektua.
Equo alderdiak ere informazio orriak banatu ditu asteon Ezkurdin; demokrazia birsortu gura ei dute, besteak beste.
Jarraipena webgunean
Domeka honetan, hauteskunde egunean, anboto.org webgunean hauteskundeetako jarraipena egingo dugu Durangaldeko hamabi herrietan eman diren emaitzak jasoz.