"Lehenago kenduko dute autonomia erkidego izaera, lurralde historikoak baino"

Anboto 2011ko aza. 17a, 08:33
Kontzertu Ekonomikoaren gaineko doktoretza tesiagaz, Jesus Mari Leizaola 2011 saria lortu du Susana Serrano Gaztelurrutia irakasleak.

Kontzertu Ekonomikoaren gaineko doktoretza tesiagaz, Jesus Mari Leizaola 2011 saria lortu du Susana Serrano Gaztelurrutia irakasleak.

 

Unibertsitatean astun egiten zitzaion tributu eta finantzen ikasgaia. Orain horrexetan dabil irakasle.

 

Tesi mardula da. Zelan laburtu zenezake bertan defendatu duzuna?

Espainian, estatuko finantza botere orokorraz gainera, beste lau daude: Nafarroakoa eta EAEko lurralde historiko bakoitzekoa. Ukaezina da hori. Lau finantza botere horien zeregina ez da bakarrik zergak batu eta kudeatzea; estatuko legeen parekoa den tributuei buruzko legeak egiten dituzte.  Nafarroako tributu legeek, parlamentuak egiten dituenez, lege maila daukate; EAEkoak, aldiz, lurralde bakoitzeko batzar nagusiek egiten dituzte, eta ez dute lege mailarik, erreglamentu maila baizik. Hainbat adituk diote batzar nagusiek legebiltzar izaera daukatela. Baina espainiar legearen aurrean ez daukate izaera hori. Desajuste bat zegoen, eta hortik etorri zen Kontzertu Ekonomikoa blindatzea. Blindajea ez da existitzen, baina.

 

Zergatik diozu ez dela blindajerik existitzen?

Blindajea izango litzateke ezelako trabarik ipini ezin balitz, eta alde horretatik Espainiako Konstituzioa ere ez dago blindatuta; aldatu daiteke. Orain arte, tributuari buruzko arauak jurisdikzio arruntean salatu  zitezkeen. Orain, ‘blindajeagaz’, Konstituzio Auzitegira jo behar da. Arau horien kontra jo dutenak Errioxako gobernua, Kantabriakoa eta Errioxako UGT eta enpresarien elkartea izan dira. Legea aldatuta, murriztu egin dira salaketa jartzeko legitimatuak, eta UGT eta enpresariak geratzen dira kanpoan. Bidea zaildu egin da, baina salatu dezakete; Estatuari begira blindajerik ez da sortu, eta Europara begira zer esanik ez; edozein arauk europar legediaren kontra joz gero, edonork salatu dezake.

 

Errioxatik eta Kantabriatik etorri dira Kontzertu Ekonomikoaren kontrako salaketak

Errioxarrek esaten dute muga efektua dagoela; Errioxako enpresak Arabara joaten direla zerga gutxiago dagoelako. Ikertzen ibili naiz: 2007an, Errioxatik Arabara 80 enpresa joan ziren; Arabatik Errioxara 60. Zer edo zer ondorioztatzeko, datu gehiago behar ditut; enpresen kapitala, langile kopurua eta lurrak salerosi zein eraikitzeko prezioak ere aztertu behar dira. Muga efektuarena politikoki erabilitako argumentua da, eurek ere onartzen dute hori.

 

Europako auzitegietara jo zuten...

Euren argumentua zen arau horiek Espainiaren arauagaz bat datozela, baina Europakoagaz ez. Epaiketan Kontzertu Ekonomikoaren aldekoen artean estatuko abokatua ere bazegoen. Azken finean, Kontzertu Ekonomikoa Espainiako lege legitimoa da. Erresuma Batuko ordezkariak ere alde agertu ziren. Gales eta Eskozia eskumenak berreskuratzen dabiltza, eta tributu boterea dela-eta hemengo eredua aztertzen dabiltza. Europako Batasunean posible da estatu barruetan sistema bereziak egotea: Alemaniar sisteman  estatu bakoitzeko kontseilaria gobernuko ordezkariagaz joaten da Europara euren interesak defendatzera. Madrilen ez lukete onartuko aldundietako ordezkariekin Europara joaterik.

 

Espainiako lege deseroso bat dela ezan genezake?

Espainian ez da erraz onartzen estatu barruan desberdintasunak egotea. Katalanek kontzertu ekonomiko bat eskatu dute, eta ikusi zelako iskanbiletan dabiltzan. Espainian, oro har, ez dute sinesten sistema horretan; euren esku egongo balitz, kendu egingo lukete. Baina uste dut lehenago kenduko dela autonomia erkidego izaera, lurralde historikoena baino. Dirua dirua da, eta lurralde historikoen ahalmena Espainiako Konstituzioak onartu egiten du.

 

Sistema propioa defendatzen duzu...

Nik argi esaten diet ikasleei;  konstituzionalista naiz. Konstituzioetan sinesten dut, baina ez Espainiakoan; egunen batean gure Konstituzioa edukiko dugula itxaroten dut. Orain daukagun sistema ez da perfektua; baina gure sistema da, eta hori kenduz gero Espainiako sistema daukagu. Hobe da hau defendatzea eta barrutik aldatzea.

 

Gaiak asko motibatzen zaitu.

Uste dut Kontzertu Ekonomikoa euskal interesen defentsarako lerro ona dela. Euskaldun izaera defendatzea, lurraldetasuna... guzti horretan, tresna oso ona da. Ez da behar den beste ezagutzen eta baloratzen, baina hori da besteengatik bereizten gaituena. Oraindik ez gara jabetu zelako ahalmenak ematen dizkigun. Ez dut esaten nahikoa denik, baina hori badaukagu behintzat

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!