Euskal Birusa euskara elkarteak antolatuta San Martin azoka ospatuko dute, bihar, azaroaren 12an, Ermuan. Goizeko 11:00etan hasi eta 19:30ak bitartean hainbat ekitaldi izango dituzte hurreratuko direnek. Artisautza azoka ere izango da Santiago plazan.
Azoka 11:00etan zabalduko dute jendearentzat, Musika Eskolako trikitilari eta txistulari gazteekin kalejira ere abiatuko da; baita Eibarko gaiteroekin ere. Horrez gain, umeentzako jolasak antolatu dituzte Kulki taldeagaz San Martin plazan, eta ikastetxeetako postuak ere jarriko dituzte bertan.
Errekaldetik Baldespinara -berton abereen azoka egokituko dute- ehun buruko artaldearen jaitsiera antolatu du Euskal Birusak, San Martin azoka aprobetxatuz . Idi pareak ere jardungo du probalekuan.
Lehiaketak eta erromeria
Neska eta mutilen baserritar jantzi lehiaketa hasiko da bestalde 12:00etan (12:00etatik 13:00era aurkeztu behar dute parte hartzaileek), plazako oholtzan, eta, euskal dantzen erakustaldia hasiko da12:30ean, Txindurri txistu eta dantza taldearen eskutik. Erakuslehio lehiaketako sariak banatuko dituzte, 13:00ean.
Luhartz taldeagaz erromeria hasiko da 18:00etan, Orbe plazan, eta, 19:00etan, berriz, Eibarko gaiteroekin kalejira hasiko da. Errifa ere egingo dute zotz. Orbe plazan eskainitako Larraindantzagaz amaituko dute eguna.
San Martin kulturala
San Martin azokaren aitzakian bestalako ekitaldi sorta ere antolatzen dute Euskal Birusaren eskutik azaroan. Horretara, oraindik ere eta abendua iritsi artean izango da zer ikusi eta zer gozatu Ermuan.
Gaztañerre eguna antolatu dute azaroaren 14an. Afari-merienda autogestionatua hasiko da 19:30ean Erretena elkartean, Kaltxango AEKk eta Ermuako Berbalagunak antolatuta. Ma, tren taupadak umeentzako antzezlana eskainiko du La Enana Naranja konpainiak, 17.00etan, Lobiano kulturgunean. Udalak antolatutako ekitaldia da hori
Marimendi mendi taldearen aurkezpena eta bideo emanaldia prestatu dituzte azaroaren 23rako, 19:30ean Lobianon, Artarrai mendi taldearen eskutik. Egitarauagaz amaitzeko Hostoak ikuskizuna eskainiko dute azaroaren 25ean, Oreka TX, Kukai eta Amaren Alabak taldeak. Ermua antzokian izango da 22:15ean. Udaleko kultura sailak antolatutako ekitaldirako sarrerak 12 euro balio ditu. |