Langileekin zein udal ordezkariekin batzartu eta lan berriaren martxa hartzen dabil Oskar Zarrabeitia Amankomazgoko lehendakari berria. Egoera ekonomikoari buruz eta Amankomunazgoaren erronkei buruz jardun dugu beragaz.
Amankomunazgoko lehen egun hauetan, zelan somatzen duzu kargu berriko lana?
Beharrerako gogo handiagaz nago. Legegintzaldian edukiko dugun lan dinamika sortzen gabiltza, bidea egiten hasi aurretik pauta batzuk edukitzeko. Amankomunazgoa Astolan dago, baina zerbitzuak sakabanatuta daudenez, zuzeneko hartu-emana lantzeko premia daukagu. Lan dinamika berriagaz astero batzartuko gara arlo bakoitzeko alderdi urgenteenak lantzeko. Alkateekin ere maiztasunez batzartzea itxaroten dut, euren beharren gainean berba egiteko.
Abadiñoko Independienteek EAJri bere jesarlekuak uzteak eztabaida sortu du. Bilduk dio balitekeela Amankomunazgoko estatutuen kontrakoa izatea. Zer iritzi daukazu?
Amankomunazgoaren aldetik baino ezin dut berba egin nik, eta bertako estatutuen arabera, udalbatza bakoitzak erabakitzen dituen ordezkariak jasotzen ditu Amankomunazgoak. Abadiñoko Udaleko idazkariak adierazi digunez, Abadiñoko udalbatzan gehiengo absolutuz erabaki zuten EAJko zinegotziak ordezkari izendatzea. Guri dagokigunez, ezin dut besterik esan.
Zelan baloratzen duzu PSOEren babesa zu presidente aukeratzerakoan? Negoziaziorik egon da?
Amankomunazgoa eratzeko udalbatzaren aurretik PSOEko ordezkariagaz batzartu nintzen. Ipini gura nuen lan dinamika azaldu nion, eta dauzkagun zerbitzuei buruz eta eduki genitzakeenei buruz berba egiterakoan, ados egon ginen hainbat puntutan. Horregatik babestu zuen PSOEk EAJren hautagaitza. Legegintzaldian alderdi guztiek emango dute iritzia, eta akordioetara heltzen ahaleginduko gara. Nire funtzioa zein den argi daukat nik; komunikazio bideak zabaldu behar ditut Amankomunazgoko zerbitzuak mantendu zein besteren bat gehiago gehitu dadin.
Krisi garaian udalei zerbitzuetan laguntzeko premia nabarmendu zenuen Amankomunazgoko lehen udalbatza hartan.
Horrela egin gura dugu, ahal dugun heinean, eta udalek euren konpetentziak edo eskumenak utzi ahala. Amankomunagozko herrien egoerak oso ugariak dira, askotarikoak, bai tamainuagatik bai zerbitzuengatik zein zerbitzu horiek garatzeko langile kopuruagatik. Oreka bilatu behar dugu, eta kostuak aztertu.
Zerbitzuak ugaritzeko aukerarik ikusten duzu? Udalen eskuduntza gehiago hartzeko biderik?
Udal arduradunekin batzartu eta euren premiak zeintzuk diren aztertuko dugu; ea Amankomunazgotik erantzun ahal diegun. Azken finean, Amankomunazgoa, batez ere, udalen diruagaz finantzatzen da, eta zerbitzu berriak planteatzerakoan gure baliabideak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu. Udal bakoitzaren egoera desberdina denez, bakoitzak bere iritzia eman behar du, eskumenak emateko prest dagoen ala ez ikusteko.
Lan arloei dagokienez, turismoa bultzatzeko premia aipatu izan duzu.
Turismoa lanpostu eta aberastasun iturri legez bultzatu behar dugu, eta horretarako, formula publiko-pribatua erabili beharko genukeela uste dut; publikoa den erakundea sortu eta bisitariei zerbitzua ematen dien edozein zerbitzu pribatu barneratu; ostalaritza, aisialdia...
Behargintzaren papera ere bai.
Behargintza Amankomunazgorako eta eskualderako ezinbesteko erreminta da. Enpresak sortzeko laguntza, aholkularitza, formazioa... ematen dira bertatik. Eta bertatik sortu da Lehiakortasun Poloa, Azterlan, hainbat enpresa eta hainbat eskolaren bitartez. Durangaldearentzako garrantzia handia duen proiektua egiten dabiltza, bertako enpresak lehiakorragoak izan daitezen, teknologian, produktu berriekin eta merkatu berrietan, gure ezagutza eta esperientzia aprobetxatuta.
Amankomunazgoko erronketako bat gizarte zerbitzu guztiak eraikin batean batzea dela adierazi izan du aurreko presidenteak. Asmo hori aurrera doa?
Guztion ametsa da, baina gaur egungo egoera ikusita, ezinezkoa da. Langileek eurek pasatu den asteko batzarrean atera zuten gaia, eta esan genien gaurko egunez horrelakorik ezingo dugula egin.
Izurtzako zinegotzia ere bazara hainbat urtean. Herri txikietan zelako eragina du Amankomunazgoak?
Nirea lako herri txikiei asko eragiten die Amankomunazgoan sartuta egoteak. Horrelako erakunde bat barik, ezinezkoa izango litzatake –edo asko kostatuko litzateke, behintzat– gaur egun ematen ditugun zerbitzuak ematea.