Mesie talde elorriarrak eskuratu du, San Agustin kulturgunean egindako Izarren Distira gala erakustaldiko sari nagusia.
‘Euskara onaren saria’ irabaztearren, bideokamera bana eskuratu dute 12 urteko sei neskek. Sabina Aizpurua, Eunate Eizagirre, Ibane Kapelastegi, Ibone Ajuria, Matxalen Fondado eta Maider Zubiatei izan ziren “antzerki berezia” taula gainean eskaini zutenak. Asteburu honetan Txorierriko galan egongo dira.
Bigarren saria, ikuskizun onenari dagokion argazki kamera digitala Durangoko Markel Zugazartaza dantzariak eraman zuen.
Hirugarren saria, berriz, Abadiñoko Alejandra Navarrok eta Virginiak eskuratu zuten Latzenen Laztana abestiagaz. Alejandra iazko irabazlea da eta MP5 bana eraman zuten.
Antolatzaileek azaldu dutenez, parte-hartzaileen maila “oso handia” izan da Izarren Distiraren bigarren edizioan: “Jendea kanpoan gelditu zen ikuskizunean ez zegoelako lekurik”. Zapatuko azken galan Abadiño, Iurreta, Durango, Berriz eta Elorrioko 25 gazte igo ziren taula gainera, eurek sortutako lanak aurkeztera, zortzi taldetan banatuta. Epaimahaia Ugaitz Alegria, aktore eta dantzariak, Xabi Hoo Enkore taldeko abeslariak eta Maite Gerenabarrena Berrizko euskara teknikariak osatu zuten. Aurkezle zereginetan Jon Gomez ETBko Ibil2d saioko aurkezlea aritu zen.