Endika Blanco: Ikaslea
Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko garrantzitsua izan daitekeen erabaki historikoa hartu du ETAk. Hortaz, pozik nago; eta ez dakit horregatik edo ez, baina normalean ez bezala atzo Errioxako ardo on batekin afaldu nuela aitortu behar dut.
Pozik nago, baina ez zoriontsu. Zoriontsua izango naiz ETAren erabaki honek alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa sustatzen baldin badu. Zoriontsua izango naiz erabaki honen ostean gure herriari erabakitzeko eskubidea aitortzen badiote. Zoriontsua izango naiz, Durangotik Abadiñora bidean Montorretas kalean dauden horiek behingoz alde egiten dutenean. Eta zoriontsua izango naiz, kartzeletan usteltzera kondenatuta dituzten presoak gure artean ikusten ditudanean. Ez dut uste hau demokraziaren garaipen bat denik, oraindik urruti dagoen demokraziara heltzeko pauso bat baino.