Julen Orbegozo: Kazetaria
Albistea iritsi da. 2011ko udazkenean, urriaren 20an, iluntzeko freskuran, iritsi da. Borroka armatuak borroka dialektikoari, politikoari, erretorikoari tartea utziko dio, biolentziaren zati bati atea itxiko dio. Baina ETAren bakea, bakearen parte bat da, hori guztia eta hori besterik ez. Bakea gizarteak egin behar du gizartean; alegia, zuk, nik, guk, gure artean. Herriak herriari eman behar diogu bakea, elkarbizitza.
Eta elkarbizitza da alde bateko eta besteko eskubide guztiak errespetatzea, hemendik aurrera, sufrimendua pairatu dutenei, alde batekoei eta besteei, eta pairatzen jarraitzen dutenei sufrimendua errekonozitzea. Sufrimenduak ezin daitezkeelako konparatu, ez, baina bai errekonozitu.
Elkarbizitza da Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea ematea; sufritzen jarraitzen duten presoekin elkarrizketak hastea, beraien egoera konpontzea; politika egiteagatik preso daudenak kalean uztea.
Elkarbizitza da hitza herriari ematea; herriak autokritika egitea; alde batekoek eta bestekoek elkar begiratzeko beldurrik ez izatea, pentsatzen duguna esateko arazorik ez izatea, politika askatasunean egiteko aukera izatea. Espainiako trantsizioa bukatu da, Euskal trantsizioari hasiera emanez.