LAB: Eulate Zillanizaurrekoetxea
ETAk erabaki historikoa hartu du. Euskal Herrian eta bi Estatuetan garai berri bat irekitzen duen urrats historikoa eman du. ETAk borroka armatua behin betirako utziz, konpromiso argi eta irmoa bereganatu du gatazka politiko eta armatua gainditzea ekarri behar duen prozesu demokratikoarekin; konponbidearen alde gaur arte eman den urratsik garrantzitsuena da LABen iritziz.
Aro berria ireki du ezker abertzalean ere. Aukera historiko bat ireki da Euskal Herriarentzat, guzti-guztiok erantzukizun osoz aritzera behartzen gaituena. Horrela heldu nahi dio LAB sindikatuak egoera berri honi. Euskal langile guztiei dei egiten diegu prozesu honetan parte hartu dezaten, esku artean dugulako hainbeste borrokatu, eskatu eta desiatu dugun bake justu eta demokratikoa eraikitzeko aukera.
Garai berriak bizi ditugu, baina zalantzarik ez izan gauza bat ez dela aldatuko, ez dugula aldatuko: Euskal herritarren indarra, konpromisoak bereganatzeko eta antolatzeko prestutasuna eta borroka egiteko gaitasuna izango dira bide honetan aurrera egitea ekarriko dutenak.
Gaurko egoera ez demokratikoa, bide politiko eta demokratikoetatik eraldatzea erabaki dugu. Eta bide honetan ere, borrokak ez du ordezkorik. Borroka politikoa, sindikala, soziala eta instituzionala. Euskal Herriko gizon eta emakumeon borroka ukazioa gainditzeko, hor dago gatazka hau konpontzeko giltzarria.
Estatuen blokeo estrategia gainditu dugu, ukazioaren estrategia gainditzea da aurrez aurre gaur dugun erronka. Indepedentziaren eta sozialismoaren alde borrokatzea erabaki genuen, eta independentziaren bidea egitea da gure erabakia. Ez dago herritarren indarrarekin egingo dugun bide hau geratzerik. Bagoaz! Ez izan zalantzarik