"Jarduera armatuaren amaierak garai politiko berri baten hasiera ekarri behar du"

Anboto 2011ko urr. 21a, 11:27

 

\"\"

 

ELA: Mikel Etxebarria

 

ETAk jarduera armatua behin betiko eta era atzeraezinean amaitzeko erabakia berebiziko albiste ona da. Iragarpen hau gizarteak urte askoan adierazi izan duen borondatearekin bat dator, eta ilegalizatutako ezker abertzaleak azken aldion egin duen hausnarketari dagokion erabakia da. ELArentzat gaur oso pozik egoteko eguna da.


ELAren ustez, jarduera armatuaren amaierak garai politiko berri baten hasiera ekarri behar du, non hainbat gairi heltzeko aukera izango den.


Lehenik –urriaren 17an Nazioarteko Konferentziaren amaierako Adierazpenak zioen legez– Espainiako eta Frantziako gobernuek “soilik gatazkaren
ondorioez aritzeko” elkarrizketei ekin behar diete.


Bigarrenik, ELAren irudiko urrats esanguratsuak egin behar dira giza-eskubideei dagokienez. Lehenbailehen egia argitu behar da, biktima guztiei konpentsazioa eta laguntza eman, eta bermatu beharra dago etorkizunean eskubiderik ez dela berriro urratuko. Gure ustez atal honetan sartzen da espetxe-politika aldatzeko exigentzia, hots, presoen sakabanatzea amaitzea, gaixo daudenak kaleratzea eta Parot doktrina berrikustea.


Hirugarrenik, espainiar estatuko gabezia demokratiko larriak konpondu behar dira, nola trantsizio delakotik datozenak, hala PPk eta PSOEk sinatu eta espainiar zein frantses sindikatuek berretsi zuten itun antiterroristaren baitan egindakoak ere. ELAk besteak beste galdegiten du hamarkada honetan legez kanpo jarri diren antolakunde guztiak legaliza ditzatela, baita militantzia politikoa medio errepresaliatu guztiak berehala kaleratzea ere.


Bestalde, ELAk espero du ezin premia handiagoko arazo sozialak, esaterako langabezia, pobrezia edota krisia, eztabaida politiko eta sozialean merezi duten garrantzizko tokian kokatuko direla, eta ez direla balizko akordio politiko edo instituzionalak medio bigarren edo menpeko mailan jarriko, hauek oso beharrezko edo zilegi izanagatik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!