Durangon, Elorrion eta Iurretan jarriko dituzte bularreko minbiziari aurre egiteko informazioa banatzeko mahaiak. Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna da, gaur, eta gaitz horrek duen garrantziaz arreta jartzea lortu gura dute, emakumeak minbizi horri aurre egiteko dauden baliabideei buruz informatzea ez eze.
Bularreko Minbiziaren Kontrako Bizkaiko Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko. Ekitaldi nagusiak Bilbon izango dira. Horretara, informazioa zabaltzeko furgoneta irekiko dute 10:30ean, Jado plazan. Era berean, bularreko minbiziaren kontra danok arrosaz ekitaldia abiatuko da, 11:30ean: zapi arrosak banatuko dituzte eta pertsonez osatutako begizta arrosa egin gura dute, bularreko minbiziaren kontra. Pilar Ardanza Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza diputatuaren eta Iñigo Lamarca Artekoaren eskutikn 1.000 globo arrosa jaurtiko dituzte.
Mahai-informatiboak, Durangaldean
Durangaldean mahai-informatiboak jarriko dituzte. Durangon, 12:00etatik 14:00etara banatuko dute informazioa, Andra Maria elizan; Elorrioko Gernikako Arbola plazan, 10:00etatik 12:00etara egongo dira eta, Iurretan, 10:00etatik 14:00etara, Udaletxean.
Mendebaldeko emakumeen artean tumore txarren artean ohikoena da bularreko minbizia. Horrela azaldu dute Bularreko Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Eta gehienetan 35 eta 80 adin tartean diagnostikatzen dira; 45 eta 65 urte artean diagnostikatzen dira gehien. Hala eren, detekzio goiztiarrerako egitasmoei esker, eta bai diagnostikatzerakoan bai tratamenduan eman diren aurrerapenei esker, gero eta emakume gehiago dira bularreko minbiziagaz bizi eta hori gainditzen dutenak. Hamarretik zortzi osatu daitezke.
Hala ere, gaixotasunagaz eta tratamenduagaz lotutako ondorio fisiko eta psikosozialek gaixotasunaren diszioplina-anitzeko abordatzea eskatzen du. Bularreko Minbiziaren Kontrako Bizkaiko Batzordeak hainbat zerbitzu eta egitasmo garatzen ditu emakumeon eta senideen bizi kalitatea hobetze aldera. Ikerketaren garrantzia ere nabarmentzekoa da, eta, horregaitik 150.000 euroko ekarpena egin du ikerketa onkologikorako lau egitasmo finantzatzeko.