PSE-EEk dioenez, ez dute akordiorik adostu EAJ eta Bildugaz: “Aukera guztiak zabalik daude”.
Durangaldeko udaletako ordezkari politikoek hartu dituzte euren karguak maiatzeko hauteskundeen ondoren. Orain, Durangoko Amankomunazgoaren txanda da. Urriaren 11rako erakunde horrek egitura politikoa erabakita egon beharko luke. EAJk eta Bilduk boto kopuru bera daukate, beraz, alderdi sozialistaren esku botoa izan daiteke giltza.
PSE-EEk prentsa oharrean adierazi duenez, Amankomunazgoko presidentea aukeratzeko ez dira ez EAJ ez Bildugaz ezelako akordiora heldu: “Bi alderdiek hala eskatuta batzartu gara, baina negoziazio barik, ez direlako gai programatikoak edo proposamen zehatzak kontrastatu”.
Sozialistek prentsa oharrean gaineratu dutenez, “arretaz” entzun dituzte EAJk eta Bilduk esandakoak. “Ez dagoenez proposamen finko eta zehatzik, aukera guztiek zabalik jarraitzen dute, beti ere, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea helburu izanda”, azaldu du alderdi sozialistak.