Batean eta bestean, munduko baserritarren erronkak antzekoak direla azaldu dute Euskal Herriko eta Brasilgo nekazariek Pinondon. EHNEko Sonia Ingunza Zumaldek eta Brasilgo Nekazari Txikien Elkarteko Valter Israel Da Silvak jardun zuten.
Baserritarren erronkak antzerakoak dira mundu osoan?
Valter Israel da Silva: Hemen ikusi dugu Euskal Herriko baserritarrek eta guk lurra eta landaguneko bizitza ikusteko modu bera daukagula. Desberdintasun handiena hemen baldintza ekonomiko hobeak dituztela da, baina filosofia eta ditugun arazoak berdinak dira. Horrek harritu egin gaitu; guk bizitza guztian entzun dugu Europan ez dagoela baserritarrik, Brasilen nekazaritza familiarra deitzen diotena baino; merkataritzara eta esportaziora bideratutako nekazaritza da nekazaritza familiarra. Inbertsioak egin eta dirua irabaztea da euren helburua, eta hori ez dator baserritarren bizitza filosofiagaz bat. Bizitzeko modu bat da baserritar izatea: familiaren garapenari begira behar egitea, lurra ikusteko modu bategaz, kultura bategaz... Baserritarren helburu nagusia familiaren bizitza kalitatea da, auzokideekin hartu-emanean.
Sonia Ingunza Zumalde: Nik Hegoaldeko baserritarrek lehen munduagaz duten menpekotasuna nabarmendu gurako nuke. Azken hamarkadetan Iparraldean nekazaritza galtzen dabil, eta merkeago ekoizten duten herrialdeetako produktuak inportatzen dira bertara. Eredu horrek munduko baserritar guztioi eragiten digu. Hegoaldean ekoitzita, ematen du han lana eta aberastasuna sortuko direla, baina ez da horrela; herri horiek txirotu egiten dira eta elikadura ekoizleek geroago eta gose gehiago dute. Munduko beste baserritar batzuk ezagututa konturatzen zara denok dauzkagula erronka berdinak.
Zer erronka dira horiek?
S. I. Z.: Ekoizteko eredu bideragarri eta interesgarri baten bila gabiltza, banaketa eredu on bat gura dugu, eta bizitza kalitate duina lortzea. Hiru arlo horiek hobetuz gero, munduko elikadura ekoizpena segurtatuko genuke. Baina espekulazioan dabiltzan monopolioen esku dago banaketa, eta nekazal politikak orain arteko bidetik jarraituz gero, datozen hamarkadetan elikadura krisi bat gertatu daitekeela pentsatzen dugu. Hori ez gertatzeko beharrezkoa da elikadura subiranotasuna.
V. I. S.: Bai. Tokian tokiko baserritarrek bertan ereiten dituzten produktuek eduki beharko lukete lehentasuna, eta ez produtu inportatuek. Eskubidea daukagu elikagaiak ekoiztu eta ekoiztutako horiek kontsumitzeko. Produkzioa ziklo txikietan ixtearen aldeko filosofia dago elikaduraren subiranotasunean.
S. I. Z.: Europan baserritarrik ez zegoela esan duzu, eta egia da: diotenez, duela 50 urte biztanleen % 80 baserritarra zen, eta hemen ekoitzitakoa jaten zen. Orain baserriaren arazo handiena lurra da. Ez da errekurtso naturala, espekulazio objektu bihurtu da. Lurrik onenak industriarako kalifikatu dituzte, eta gelditzen dena oso garestia da. Gaur egun, nekazaritzarako lurra lortzea gure erronketako bat da.
Munduko baserritarren elkarlana badabil fruituak ematen? Zertan lagundu dezake?
V. I. S.: Elikadura subiranotasuna garatzeko mila modu daude, eta elkarren metodoak ezagutzea garrantzitsua da norberarena hobetzeko.
Zer ikasi duzue hartu-eman horietatik? Zer erronkei zabiltzate aurre egiten?
S.I.Z: Euskal Herrian ikusi dugu ekoizpen dibertsifikatua dela garrantzitsua, merkaturatzea zirkuitu laburrean egiten ahalegintzen gara, eta produktu lokala bultzatzen. Bide horretatik gabiltza beharrean.
V. I. S: Brasilen biztanleen % 18 inguru baserritarra da. Bertan kontsumitzen den janariaren % 60 guk ekoizten dugu, eta kredituen % 10 da guretzat. Gobernua esportaziorako ekoizten dutenei begira dago, ez baserritarroi. Agronegozioak modernoak kontsideratzen dira; baserritarrak, atzerapena. Gu Nekazaritza Plana garatzen gabiltza, baserritarren komunitateak indartzeko. Hemen ekoizpen eta kontsumo taldeetan egiten den beharra oso interesgarria iruditu zaigu, eta baita EHNEren prozesu progresiboaren ideia; eredu produktibo txikietatik hasi, eta apurka-apurka handitzen joateko aukera. Hori oso baliagarria izan daiteke Brasilen.