Landako Gunean izandako batzarreko bozketan aukeratu dituzte EUDELeko presidentea eta zuzendaritza batzorde berria. Zuzendaritza batzordeko kidea izango da Durangoko alkate Aitziber Irigoras eta Bizkiako batzorde eragileko kidea Abadiñoko alkate Jose Luis Navarro.
Gaur, 13:00etan, amaitu da EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak) datozen lau urteetarako presidentea, zuzendaritza batzordea eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako batzorde eragileak aukeratzeko batzarra. EUDELeko zuzendaritza batzordeko kide guztiak EAJ, PSE-EE eta PPk koalizioan aurkeztutako kideak dira. Ibone Bengoetxea da datozen lau urteetarako lehendakaria. Bengoetxea EAJko alkateordea da Bilbon.
Zuzendaritza batzordeko 12 bokalen artean Aitziber Irigoras Durangoko alkatea dago: “Gure helburua udalerri denei euren proposamenak helarazteko erraztasunak ematea eta kezkei konponbideak ematea izango da”, adierazi du.
Bestalde, EUDELeko Bizkaiko batzorde eragileko kidea izango da Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea. Hain zuzen ordezkari bi kenduta, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako batzorde eragileko kide guztiak, EAJ, PSE-EE eta PPk aurkeztutakoak dira. Bigarren kidea Aitor Abecia Zambranako alkatea da eta Arabako batzorde eragilean egongo da. Independienteek aurkeztu dituzte kide bi horiek. Navarrok 371 botoetatik 10 jaso ditu bozketan; 340 botok EAJ, PSE-EE eta PPren hautagaitzak babestu dituzte eta 10 boto zuri egon dira. Navarrok irabazleak zoriondu ditu, baina kritiko ere azaldu da: “Gure haserrea ere erakutsi gura dugu ez gaituztelako ezertarako aintzat hartu”. Hala ere, bozketa “positiboa” izan dela dio Araban eta Bizkaian ordezkari bana lortu dutelako.
Argazki gehiago: Argazkitekan
EUDELEKO ZUZENDARITZA BATZORDEA
Presidentea
- Ibone Bengoetxea (EAJ, Bilboko alkateordea)
Alkateordea
- Jose Antonio Santano (PSE-EE, Irungo alkatea)
Bigarren alkateordea
- Javier Maroto (PP, Gasteizko alkatea)
Bokalak
1) Ricardo Ituarte (EAJ, Santurtziko alkatea)
2) Josune Irabien (EAJ, Amurrioko alkatea)
3) Aitor Kerejeta (EAJ, Hondarribiako alkatea)
4) Mikel Torres (PSE-EE, Portugaleteko alkatea)
5) Aitziber Irigoras (EAJ, Durangoko alkatea)
6) Carlos Totorika (PSE-EE, Ermuko alkatea)
7) Izaskun Landaida (EAJ, Ugao-Miraballeseko alkatea)
8) Alfredo Etxeberria (EAJ, Elgoibarko alkatea)
9) Angel Marcos Perez de Arriluzea (EAJ, Arraia-Maeztuko alkatea)
10) Jose Manuel Amezaga (PP, La Guardiako alkatea)
11) Jose Javier Martinez (PSE-EE, Iruña Okako alkatea)
12) Andoni Busquet (EAJ, Basauriko alkatea)