Klasikoen rallya lehiatuko dute barikuan eta zapatuan

Anboto 2011ko ira. 19a, 14:37

Aurten 11. aldia izango du ekimenak. Urtero legez bariku arratsaldean Landako Gunean batuko dira auto klasikoak eta handik abiatuko dituzte lasterketak

Aurten 11. aldia izango du ekimenak. Urtero legez bariku arratsaldean Landako Gunean batuko dira auto klasikoak eta handik abiatuko dituzte lasterketak.

Historia eta ikuskizuna uztartuko ditu barikuan eta zapatuan XI. Klasikoen Rallyak.  Bariku arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, parte hartuko duten 70 autoak (60ko hamarkadatik orain 25 urte artekoak) ikusteko aukera egongo da Landako Gunean. Ondoren, Ezkurdirantz abiatuko dira, 19:30ean handik abiatuko baitute lasterketa. Piloto eta kopilotoek euren trebezia eta koordinazioa   izango dituzte armarik onenak lasterketa irabazteko. Izan ere, gehienez 50 kilometro orduko abiadura hartu dezakete eta ibilbidean zehar dauden 90 kontrol guneetako bakoitzetik ordu jakin batean igaro beharko dute.

\"\"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Barikuko lasterketa Iurreta, Berriz eta Mallabiatik igaroko da eta berriro Iurretara itzultzean, 21:30 inguruan, autoak ikusgai egongo dira elizaren atzealdeko aparkalekuan. Barikuko bigarren tramua Lekeitio, Ondarroa, Elgoibar eta Markinatik egingo dute. Aurten birritan osatuko dute Lekeitio-Ondarroa tramua: “12 kilometro horietan 112 bihurgune daude eta parte hartzaileentzako benetan erakargarria da”, azaldu du Maykel del Cid probako kirol zuzendariak.

Zapatuan, 10:00etatik 11:00etara proban parte hartzen ez duten beste 30 auto klasiko ikusteko aukera eskainiko dute Landako Gunean. Ondoren, Durangalde osotik ibiliko dira; esaterako 11:00 inguruan sei bider igaroko dira Montecalvotik. Eguerdian, 14:30ean, Abadiñoko trinkete ondoko aparkalekuan egongo dira ikusgai. Arratsaldean, 180 kilometroko ibilbidea osatuko dute Bergara, Elgeta, Urkiola, Otxandio, Zeanuri eta Amorebieta-Etxanotik. Rallya 20:30ean amaituko da Ezkurdi plazan.

Durangon ikusi ahalko diren auto klasikoen artean daude Porsche, Alfa Romeo, MG eta BMW markak, besteak beste. Pilotoei dagokionez, Lasuen, Santorcuato, Moronati, Horrillo, Morales eta Gorroño dira aipagarrienak. Iaz Espainiako rally txapelketan aritu ziren Olabegogeaskoetxea eta Santacoloma ere arituko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!