Ardi jaia, artzainen lana ezagutaratzeko erakusleiho zabala

Anboto 2011ko ira. 13a, 12:22

Artzainen lana ezagutarazi asmoz \'indarrak batu\' eta eskaintza amankomuna sortu dute Durangaldeko zenbait elkartek: Transhumantzia erakustaldia, Artzain Eguna eta Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa ardatz hartuta Durangaldeko Ardi Jaia ospatuko dute irailaren 16tik 18ra bitartean

Artzainen lana ezagutarazi asmoz "indarrak batu" eta eskaintza amankomuna sortu dute Durangaldeko zenbait elkartek: Transhumantzia erakustaldia, Artzain Eguna eta Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa ardatz hartuta Durangaldeko Ardi Jaia ospatuko dute irailaren 16tik 18ra bitartean.

 

Gerediaga elkartea, +Dendak Durangaldeko merkatarien elkartea, ACOL Latxa eta Karrantzar Arrazetako Ardi Hazleen Bizkaiko Elkarteak 20 ekitalditik gora batzen dituen egitaraua osatu dute asteburuari begira, Durango, Abadiño eta Atxondon banatuta. Helburu nagusi bat dute: Durangaldean artzainek egin duten lana azpimarratu eta aisialdira begira kultur eskaintza modura lan horren garrantzia zabaltzea, azaldu dutenez. Turismoari begira sortutako ekimena ere bada.  

 

Durangon batuko dira barikuan, irailaren 16an, antolatutako ekitaldiak. Horretara, Durangaldeko Gazten Azoka zabalduko dute Andra Mariako elizpean, 17:00etatik 21:00etara. Eskualdeko 5-6 gazta ekoizlek parte hartuko dute, eta baserriko produktuen lau saltoki ipiniko dituzte. Gazta tailerra ere egongo da, 17:30ean. Egunagaz amaitzeko, 21:00etan, gazta dastaketa eskainiko dute Kurutziaga Hotelean. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da +Dendak elkartearen egoitzan (txartelak lau euro balio ditu) edota honako telefono zein helbide elektronikoa erabiliz: 94 681 81 42 eta ardijaia@gmail.com

 

+Dendakek eratuta ere bai, transhumantzia abiatuko da, Durangon, Frai Juan Zumarraga kaletik 12:00etan. Badira hiru urte urtaroetara egokitzeko artaldea larre hobeagoetara eroateko ohitura hori berreskuratu guran erakustaldia antolatzen dutela: Felix Ajuria artzain otxandiarrak 60tik gora ardi gidatuko ditu. Arratsaldean, berriz, 30 bildots erreko dituzte Andra Mariako elizpean eta bildots pintxoak eskainiko dira; 17:30ean jarri dute hitzordua.

 

+Dendakeko presidente Guillermo Oarbaeaskoak gogoratu Durangoko tabernetan pintxo-poteo ibilbidea prestatu dutela zapatuan eta domekan. Ardi-gaztagaz pintxo bereziak egingo dituzte Durangoko 15 tabernatan eta euro bian salduko dira ardauagaz batera. Honeko tabernek parte hartuko dute: Alpino, Anboto, Arkupe, Gaur Bodegon, Gorrotxa, Gure kabya, Kobika, Lekuberri, Pausta Bar, Pol-pol, Sarasua Degustación, Txantonesa, Urrats kafetegia eta Zero bar.

 

 

I. Euskal Herriko Ardi-moztaileen txapelketa

 

Abadiñon, bestalde, Artzain Eguna ospatuko dute, zapatuan, irailaren 17an. Zelaietan, Ferialekuan, ardi-erakusketa zabalduko da 10:00etan. ACOL Latxa eta Karrantzar Arrazetako Ardi Hezleen Bizkaiko Elkarteko kideek antolatuta hainbat arrazatako  ardiak batuko dituzte bertan. Aldi berean, 13:00 bitartean, umeendako tailerrak egongo dira. Artzainen antzinako zereginak ezagutu eta ikasteko aukera eskainiko da: talo egitea; gazta egitea; xaboia, ardi-gaztaren gazurra erabilita; berziklatutako jostailuak; eta, herri-kirolak. Horrela asaldu du ACOLeko presidentea den Sabin Aranburuk.

 

Artzai-Gazta elkarteak antolatutako Bizkaiko Idiazabal Gazta Lehiaketa hasiko da 12:00etan eta 12.30ean, I. Euskal Herriko Ardi-moztaileen Txapelketa; 10-15 partaidek jardungo dute. Ondoren, 13:00ean, Bizkaiko bildots-txuletatxoak, Idiazabal gazta eta Euskal Pastela dastatzeko aukera eskainiko dute (bost euro balioko ditu txartelak); ura, ardoa eta sagardoa eskuratzea ere egongo da.

 

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa

 

Atxondon, Axpe auzoan, jokatuko dute aurten ere Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa. 45. aldia du Gerediaga elkarteak txapelketa antolatzen eta ohi moduan iazko Euskal Herriko txapelketako irabazlea eta, aurten, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko txapelketetan txapeldun eta txapeldunorde geratutako txakurrek parte hartuko dute. Guztira 11 txakurrek jardungo dute 11:00etan hasiko den lehian. Sari-banaketa, berriz, 13:00ean hastea aurreikusi dute. Lazaro Milikua Gerediagako kideek gogoratu du baita umeentzako jolasak ere izango direla, 11:30ean, Axpeko plazan.

 \"\"

Txapelketa amaituta, 13:30ean, Eusko Label dastaketa hasiko dute. Baserri oilaskoa eta Arabako Errioxako ardoa dastatzea egongo da Euskal Herriko Artzain Txakur txapelketarako sarreraren truke: lau euro.

 

Herri bazkaria eta Artzainen mendi ibilbide gidatua

 

Bestalde, aurten, lehenengoz, herri bazkaria izango da Axpeko frontoian. Txartelak aurrez eskuratu daitezke 15 euroren truke 94 681 81 42 telefonora deituz edo ardijaia@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita.

 

Atxondoko Asuntze mendi taldearen laguntzagaz, Anboto azpiko larreetara ardiak eramateko artzainek ohituraz egin duten bidea ezagutzeko aukera ere egongo da. Ordu biko ibilbidea hasiko dute Axpeko plazatik 10:00etan, eta txapelketa izango den tokian amaituko dute. Aurrez izena ematea beharrezkoa da, aitatutako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa erabiliz, eta artzainek ardiak garbitzeko erabiltzen dituzten aska handiak ikusteko aukera egongo da ibilbidean. 30-35 laguneko talde batuko dute gehienez.

 

turismo eskaintza berezia ere prestatu dute: 65 euroren truke, gau bateko ostatua, gazta dastaketarako sarrera, bildots dastaketarako txartela eta Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketarako sarrera eskuratu ahal izango du bisitariak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!