Aldundiak Durangaldeko Lurraldearen Zatiko Plana onartu du; datozen 16 urteetarako da loteslea.
Datozen 16 urteetan Durangaldeko herrietako lur zoruen erabilera (lurrak zertara bideratuko diren) zehazten duen Lurraldearen Zatiko Plana onartu zuten uztailaren 26an Aldundian. Mallabia eta Otxandio ez daude plan horren barruan, Debabarreneko eta Araba erdialdeko zati-egitasmoetan jaso dituztelako, hurrenez hurren.
Etxebizitzei dagokionez eraiki beharreko gutxieneko eta gehienezko kopuruak zehaztuta daude planean. Datozen 8 urteetan, beharrizana 2.360 etxebizitzakoa izango dela kalkulatu dute; baina “eskaintza urriaren ondorioz espekulaziorik eman ez dadin”, kopuru hori handitu daiteke. Formula berria aplikatuz, etxebizitza beharrizana, orokorrean, 4.037 eta 8.074 artean ezarri dute. Herririk herri, hauek dira zenbatekoak: Durango (2.803/1.402), Abadiño (946/473), Elorrio (662/331), Berriz (459/230), Iurreta (514/257), Zaldibar (367/183), Atxondo (125/63), Mañaria (43/22), Garai (22/11) eta Izurtza (20/10).
Jarduera ekonomikoari dagokionez, 1990etik 2002ra lurzoru kontsumoak eskualde egituran izandako prozesua hartu dute erreferentzia legez; urteko hamar hektarea. Ondorioz, planak ezartzen duen derrigorrezko lurzoru industrialaren eskaintzaren udal aplikazioa, gutxienez, 113,63 hektareakoa da eta, gehienez, 227,25 hektareakoa.
Iurretan lurpeko pasabidea eta Izurtzan saihesbidea
Garraio ereduari dagokionez, planak Iurretan eta Izurtzan auto emaria gutxitzeko egitasmoak jaso ditu. Iurretan N-634 errepidea lur azpitik bideratzea aurreikusi dute eta, bide beretik, baita gainazalean geratzen den lur zatia birmoldatzea ere, herri gunea bateratuz. Era berean, Izurtzak hainbeste bider eskatu duen saihesbidea ere jasota dator planean.
A-8 autopista Durangalde mailako joan-etorri luzeak egiteko erabiltzea aurreikusi dute, baina ez da zehazten ez tarifarik ez plana aurrera eramateko eredurik.
Amorebieta-Etxano eta Elorrio arteko garraio publikoen plataforma esklusiboa ere ezarri gura dute, esaterako, autobusentzako errei propioak eginez. Herriak lotzeko bizikletentzako bidegorri sarea osatzea ere jaso dute; herri barrukoak ez eze, herriak bata besteagaz lotzeko bideak.