Abuztuaren 11ko data eta Luis Jose Ballarin eta Endika Jaio alkateen sinadurak daramatzan idatzian eskatu dute “Izurtza eta Mañaria zeharkatzen dituen BI-623 errepidetik igarotzen diren ibilgailuen abiadura kontrolatzeko presazko neurriak hartzea”.
Trafiko oso astuna jasaten duen errepidea dela herri biak zeharkatzen dituena diote: egunean 8.935 auto, eta horietatik %12 ibilgailu astunak, Durangaldeko Udaltalde 21en datuen arabera. Ibilgailuen gehiengoak abiadura mugak ez dituela betetzen, eta trafikoak 70dBA-ko zarata eragiten duela ere nabarmentzen dute, besteak beste, alkate biek sinatutako idatzian.
Administrazioak gai honekiko eta saihesbide baten eta biribilgune baten beharraren eskariarekiko orain arte agertu duen “pasibitatea” salatu dute Mañariko eta Izurtzako udalek.
Iaz “herritar talde batek ipinitako radarren abisu kartelek ibilgailuen abiadura moteltzea” eragin zutela-eta, “eraginkor suertatu arren kendu zituzten kartel haiek ipintzea eta trafikoa moteltzeko beharrezko neurriak hartzea” eskatu dute.