Euskal Autonomi Erkidegoan eta Kantabrian lan egiten zuen droga-trafiko sarea desegin du Ertzaintzalk. Durangaldeko zenbait prostituzio lokal eta taberna erabiltzen zituzten, besteak beste, kokaina eta bestelako substantziak saltzeko eta irabazioak zuritzeko, Ertzaintzak jakin eragin duenez.
Bost pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak eta "hiru kilo kokaina, 18 kilo ustez anfetamina, 10 ibilgailu, 8.000 euro eta armak" aurkitu dituzte, azaldu dutenez. Taldearen buruak, 36 urteko gizonezkoak, "zainketa kamarak zituen jarrita operazio zentroan poliziaren esku-hartzea ekiditzeko".
Sei hilabetean luzatu da ikerketa, eta, operazioan atxilotutako inplikatu nagusia "Durangaldean bost prostituzio lokal eta tabernatako arduraduna" da. Droga salmentarako sarea mantentzeko erabiltzen zituen horiek; batez ere, kokaina, speed eta anfetamina. Era berean, salmeta horretatik lortutako irabaziak zuritzeko erabiltzen zituen. Denbora da Ertzaintzak gizon horren gaineko susmoak zituela, baina, "orain lortu ditu froga nahikoa delitua leporatzeko", Ertzaintzak zabaldu duenez.
Operazio zentro gisa, pisu bi eta garaje bat zituen desegindako talde horrek Durangon. Baita baserri bat ere Iurretan. Hala ere, EAEn eta Kantabrian jarduten zuen. Eraikiniok "droga batzeko eta aizuntzeko" erabiltzen zituzten; saltzeko ere bai; "normalean kilo bat baino gehiago salduz". Gizon bi arduratzen ziren lan horretaz, 31 eta 26 urtekoak; taldearen buru zenaren "ordezkaritzat" jo dituzte biak eta atxilotuak izan dira.
Astean zehar Ertzaintzak hiru inplikatu nagusiak atxilotu ditu, eta 34 urteko beste gizonezko bat eta 24 urteko emakumea ere bai. Azken bioi garraio lanak eta "erdi mailako salmenta" leporatu diete.
Durango, Iurreta eta Abadiñon miaketak
Durango, Iurreta eta Abadiñon sei eraikin miatu ditu Ertzaintzak. Bertan, hiru kilo kokaina, anfetamina izan daitekeen substantzia baten 18 kilo eta adulteratzeko 22 kilo hauts topatu dituzte. Bestalde, 8.000 euro, zazpi turismo, hiru, motozikleta, pistola bat eta zazpi eskopeta aurkitu ditu, droga manipulatzeko beste hainbat gailu ez eze, jakin eragin dutenez. Iurretako baserrian, Ertzaintzaren Eskuhartze Unitateko agente espezializatuek parte hartu dute. 600 marihuana landare, eta lehortutako landare horretako hainbat kilo ere atzeman dituzte, kontsumorako prest.
Atxilotuak eta atzemandako guztia epailearen esku geratu dira. Taldeburuaren ordezkarietako batek aurrekariak omen ditu eta kartzelan egon ei da mota horretako delitu batengatik., azaldu dutenez.