Bihar, San Joan eguna da, eta bezperan, tradizioari eutsiz, suak piztuko dituzte eskualdeko hainbat txokotan. San Joan gauean, suagaz batera, donien atxa jasoko dute Axpen, eta berakatz zopa eta txokolatea banatuko dituzte.
Barikuan igel, briska eta esku pilota txapelketen ondoren, Jo ta Su taldeak erromeria eskainiko du. Zapatuan bakailao eta tortila txapelketak egingo dituzte; ondoren, pilotalekuan afalduko dute. Dantzaz eta bertsoz osatutako ikuskizuna ere egongo da eta, 22:30 inguruan, Luhartz taldeak erromeria eskainiko du. Domekan, dantzak eta gazteentzako pailazoak egongo dira.
Durangon, aurten ere Herria auzo elkarteak ez du surik egingo. Kriskitin dantza taldeak aurten Gaztelugatxeko San Joan inguruan eskainiko du Akelarrea, 23:00etik aurrera. Aurreko urteetan Durangon, Elorrion eta Abadiñon erakutsia dute 40 minutuko ikuskizuna.
Abadiñon,gaur, 17:00etatik aurrera, umeentzako jolasak, ipuin kontalaria eta txokolate-jan egongo dira, eta ondoren sua piztuko dute. Berrizen, berriz, 21:00etan, Elizondotik abiatuta kalejira egingo dute Zo-Zongó taldeagaz. Ondoren, Berrizburun txorizo dastaketa prestatu dute eta 22:30ean isiotuko dute sua.
Mallabian, Goitaa auzoan, donien atxa jasoko dute 20:30ean, ondoren sua pizteko. Barikuan, 22:00etan, herri-afaria egingo dute eta Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi bertsotan ibiliko dira. Zapaturako tortila eta briska txapelketak daude iragarrita; domeka eguerdian ardi txakur erakustaldia egingo dute.
Garain Momoitioko San Joan ermitaren inguruan donien atxa jasoko dute, gaur, 20:00etan; ondoren, sua piztuko dute han inguruan. Barikuan, berriz, 12:00etan meza egongo da.