Baserrietako lapurretei aurre egiteko gomendioak zabaltzen

Anboto 2011ko eka. 18a, 08:30

Baserritarrek \"neurriak\" hartzearen garrantzia azpimarratu du Ertzaintzak

Baserritarrek “neurriak” hartzearen garrantzia azpimarratu du Ertzaintzak.

Durangaldeko baserritarrek, lapurreten aurrean hartu ditzaketen neurriak batzen dituen diptikoa jaso dute egunotan postontzietan. Ertzaintzako iturrien arabera, ekimenaren helburua gune isolatuetako lapurretei aurrea hartzea da. Bertako biztanleek Ertzaintzagazn hartu-emana estutzea da asmoa, patruilaren bat ikustean, “zalantza barik geldiarazi eta beharren edo kezken berri emateko”.

“Sarritan baserrietara galderak egitera hurreratzen da jendea, galdu egin direla edo lan bila dabiltzala esanez, baina informazio bila ibiltzen dira, bertan edo inguruan osteko”, diote Ertzaintzatik.Besteak beste, kotxe-matrikulak eta pertsonen deskribapenak gordetzea eta leihoak eta ateak giltzez ondo ixtea gomendatzen dute, nahiz eta etxean egon, edo aldameneko ortuan; “jabeak etxean direla ere, lapurretak izan dira-eta”.

Ertzaintzaren esanetan, ekimenaren asmoa ez da “alarma piztea”, delitugileek zelan jarduten duten azaltzea baino; herritarrei 112 larrialdietako telefona edo 94 466 93 00 Durangoko Ertzain Etxera deitu dezaketela jakinarazi diete.

Datuak
“EAEko beste herri batzuekin alderatuta, kriminalitate datuak txarrak ez badira ere, hobetu daitezke”, azaldu dute. Baserri eta hiriguneetan jasotako datuen arabera, eskualdeko herrietan, orokorrean, delitu kopurua ez da hazi. Iurretan eta Berrizen, baina, lapurretek gora egin dutela eta herri horietan lanean dabiltzala adierazi du Ertzaintzak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!