Hauteskunde sindikalen balorazioa egin du eskualdeko 2. indar sindikalak.
Hauteskunde sindikalen emaitzak baloratu ditu eskualdeko LABek. Hego Euskal Herri mailan, Bizkaian zein Durangaldean gora egin dutela nabarmendu dute sindikatuko kideek. Eskualdean, bigarren indar sindikala izaten jarraitzen du LABek.
Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko ordezkariak hauteskunde sindikalen emaitzak "oso onak" izan direla baloratu du: “Enpresa handietan finkatuta daukagu ordezkaritza eta txikietan indartzen gabiltza”. Bide beretik jarraitu eta indarra hartu gura du sindikatuak datozen urteetan.
Administrazio publikoan eta metal arloan izan dituzten emaitzak nabarmendu ditu Zilonizaurrekoetxeak: "Krisialdiaren eta lan erreformaren kontra ekintza zuzena egin du LABek, eta jendeak eskertu egin du hori; argi daukate ez garela emaitza on batzuekin konformatuko; gauzak aldatzeko beharrean jarraituko dugu".
Aipatzekoak dira osasungintzan eta irakaskuntzan eskualdean izan dituen emaitzak; osasungintzan hirukoiztu egin du ordezkaritza (% 6,67 izatetik % 19,23 edukitzera). Metal arloan duela lau urte ordezkarien % 27,01 zuen LABek; aurtengo hauteskundeen ostean, % 29,58.
Eskualdeko mapa sindikala
Duranagaldean ELA sindikatuak dauzka ordezkari gehien: % 37,09. –duela lau urte % 38,05 zituen–. LABek ordezkarien % 27,72 lortu du –duela lau urte % 26,55–. Hauteskundeen ondoren, "eskualdean gehiengo sindikala indartuta" dagoela nabarmendu dute LABeko kideek.