Bihar erabakiko dira datozen lau urteetarako alkateak

Anboto 2011ko eka. 10a, 14:53

Zapatu goizean Durangaldeko 12 herrietan egingo dituzten udalbatzarretan hautagai bozkatuenek aginte makila hartuko dute eskuan.

Zapatu goizean Durangaldeko 12 herrietan egingo dituzten udalbatzarretan hautagai bozkatuenek aginte makila hartuko dute eskuan.

Bilduk herri txiki ia guztien alkatetza segurtaturik du. Atxondon Rosa Maria Elizburu izango da alkate, Otxandion Santi Uribe, Mallabian Maria Milagros, Mañarian Endika Jayo eta Izurtzan Luis Ballarin. Garain, berriz, Herriko Taldeko Gontzal Sarrigoitiak izango da berriro alkate. Zaldibarko udalbatzarrean lau alderdi daude, baina Bilduk gehiengo osoa du, eta Arantza Baigorri izango da alkate.

Aspaldian asko hitz egin da Elorriori eta PPko Carlos Garciak hartuko duen erabakiari buruz. EAJren jarrera ofiziala, Elorrion zein Euskal Herri mailan, bere ordezkariak bozkatzea da; Ana Otadui hautagaiak horixe egingo dutela berrretsi du. PPko prentsa bulegoak dio “alderdiaren postura ofiziala EAJren hautagaitza babestea” dela. Bilduren inguruko iturriek diotenez, EAJgaz izandako batzarretan ez da akordiorik lotu.

Durangon EAJk zortzi zinegotzi ditu; Bilduk sei, PSE-EEK hiru eta Aralarrek bi. Sozialisten botoa da gakoa; Pilar Rios zinegotziak dioenez, “geure hautagaitzari bozkatzeko aukera handiak daude, baina, gaur eta hemen, ezin dut ehunik ehunean segurtatu biharko gure botoa zein izango den”.

Abadiñon, Iurretan eta Berrizen Independienteek eta EAJk gehiengoa dute, baina itunek alkatetza kendu diezaiekete.

Amakomunazgoa
Biharko egunaren ondoren, lau hileko epea dago Durangaldeko Amankomunazgoa osatzeko. Bilduk gehiengoa du 13 ordezkarigaz; EAJk 11 ditu; Abadiñoko Independienteek bi eta PSE-EEk bat.

Segurutik irailean batuko dira udalbatzarrean nork bere hautagaitza aurkeztu eta bozkatzeko. Irabazleak -hau da, lehendakariak-  lehentasunezko lehendakariordea aukeratzeko eskuduntza izango du; bigarren lehendakariordea bigarren hautagairik bozkatuena izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!