Komertzioarekiko \'inplikazio maila erreala\' ezagutzeko +dendak merkatari elkarteak luzatutako galdera sorta erantzun dute PSE-EE, Aralar eta Bilduk. PP eta EAJk ez diete erantzun.
+Dendak merkatari eta ostalari elkartekoek azaldutakoaren arabera, "baikor" hartu dute alderdi batzuek sektorearekiko agertutako konpromisoa.
Durangoren merkataritza eskaintza nahikoa den galdetuta, hori "hobetu" eta "sustatzeagaz" ados daudela azaldu dute. Argitu dutenez, Aralarrek sektore "hobetzeko" balio lezaketen proiektu zehatzekin. Azken horiek merkatu plaza edo sinergia turistikoak sortzea proposatu dute.
Bildu, PSE-EE eta Aralar bat datoz saltoki handiak zabaltzea ez uzteagaz. Era berean, bat datoz, neurrian handian, TAOa berraztertzeagaz, merkatariek jakin eragin dutenez. Bilduk, rotazio handiko guneak zabaldu eta TAO guneak murriztearen aldeko apostua egiten du; Aralar eta PSE-EEk, berriz, zamalanetarako gune gehiago zabaldu beharra ikusten dute.
inguruaren suspertze plangintza baten beharra ikusten du Bilduk alde zaharrean merkataritza dentsitatea galtzea ekiditzeko. Aralarrek bestalde, "oso garrantzitsua" deritzo "elementu dinamizatzaile" lez merkatu plaza sustatzeari. Sozialistek euren aldetik, Durangon finkatu gura duten enpresei lagundu behar zaiela uste dute, eta diru-laguntzak eskaini.
Legez kanpoko salmentari jagokonez, jarrera argia agertu du PSE-EEk merkatarien berbetan: "salmenta hori debekatu behar da eta gerta ez dadin kontrol gehiago jarri". Bilduk uste du, berriz, "errepresio soilak" ez duela "arazoa" konponduko. Aralar, azkenik, udal araudiak betearaztearen aldekoa da eta egun konkretuetan, esaterako, jaietan edota Euskal Liburu eta Disko Azoka egunetan,salmenta hori garatzeko lekuak mugatzearen aldekoa.
Iurreta, Izurtza, Abadiño
Abadiño, Iurreta eta Izurtzako udaletara ere bidali izan du galdetegia +dendak elkarteak. Abadiñoko Independienteek bakarrik erantzun dien arren. Elkartekoek jakin eragin dutenez, "pena da hautagaiek erantzun ez izana, tokiko komertzioarekiko euren inplikazio maila erakusteko aukera galdu dute-eta". Galderei erantzun dien alderdi eta hautagaiei eskerrak eman gura izan die +dendak-ek.