Bildu koalizioak prentsaurrekoa eman du Durangon, nekazaritza gaitzat hartuta. Durangoko eta Bizkaiko hautagaiek hartu dute parte. Nekazaritzak eta baserritarrek duten egoeraren aurrean, "Bilduk bere egiten du baserritarrek elikadura subiranotasunaren alde abiatu duten borroka". "Ez dago subiranotasun politikorik, herri bat ez bada gai bere burua elikatzeko eta nekazaritza ekonomiak bultzatzeko", iritzi diote. "Herritarren kontsumo osasuntsu eta arduratsua sustatzeko eta ekologiari dagokionean, gune orekatuak sortzeko" gura dute subiranotasun hori, baita ere. "Zer etorkizun du herri honek, gure bizitzaren eta janaren oinarria bera zimeltzen uzten badugu?", galdetu dute hautagaiek. "Zoritxarrez, Bilbao jaunaren politika neoliberalek ezarri dute daukagun egoeraren ildoa", diote. "Guk elikadura subiranotasunaren alde egiten dugun bitartean, eurek eredu agroindustrialaren alde egiten dute", salatu dute. "Ekonomi eta gizarte eredu berria" nahi dute, eta elikadura subiranotasunaren gaineko proposamenak kaleratu dituzte hasteko. Tokiko azokak sortzea, hiltegi lokalak eraikitzea, produkzio agroekologikorako kreditu bigunak ematea eta kontsumo arduratsuaren aldeko kanpainak abiaraztea proposatu du Bilduk. "Espekulaziorako lurraren ordez, lurra bera lehenetsi nahi dugu, tokiko plan parte-hartzaileen bitartez", aurreratu dutenez. Gainera, "Euskal Herria transgenikorik bako lurraldea izatea" aldarrikatu gura dute. Baserritarren lan eskubideak bermatzeko helburua dutela azpimarratuz amaitu dute agerraldia. [img]http://www.anboto.org/images/9400/9421/1.jpg[/img]