Mugitu! Eguna deitu dute ikastetxeetan

Anboto 2011ko mai. 4a, 08:32

Ikastetxeetan ere AHTri desobeditu! lelopean Mugitu! Eguna deitu du Mugitu! mugimenduak, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) auzian desobedientzia zibila bultzatu guran diharduen taldeak maiatzaren 5erako egin du deia

Ikastetxeetan ere AHTri desobeditu! lelopean Mugitu! Eguna deitu du Mugitu! mugimenduak, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) auzian desobedientzia zibila bultzatu guran diharduen taldeak taldeak maiatzaren 5erako egin du deia. Ikastordu bateko paroa deitu du Mugitu! mugimenduak. Era berean, egun horren harira deitutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu ikasleak. Horretarako hainbat ikasle taldeagaz elkarlanean hasita daude: Oarsoaldean zazpi ikastetxe, Iruñean sei zentro eta unibertsitatea, Donostian lau zentro eta unibertsitatea, Durangon, Iurretan, Tolosan eta Sakanan hiruna zentro, Galdakanon bi, eta, Lizarran, Beran, Basaurin eta Hernanin bana. Leioako unibertsitatean ere badihardue.

Ekintzak

Maiatzaren 5ean manifestazioa ere egin zuten Durangon; eta, AHT Gelditu Elkarlanak antolatuta, berriz, maiatzaren 11n Roberto Bermejok hitzaldian eskainiko du Matienako Errotan, 19:00etan. Bestalde, konzentrazioa deitu dute Iruñean, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren aurrean (Santo Domingo kalea 12). Mugitu! Eguna ikastetxe gehiagotara zabaltzeko asmoz eurekin hartu-emanetan jartzera deitu dute antolatzaileek: mugituaht@gmail.com. Mugitu! Mugimenduaren lehenengo urtea laburbiltzen duen bideoa ere landu dute. Hezkuntzatik ere \"AHTri desobedituz egitasmo txikitzaile hori gelditzera goaz!\" diote antolatzaileek: \"Heldu da garaia ikastetxeetatik ere AHTren aurka gaudela aldarrikatzeko. Gure heziketarako dirua proiektu txikitzaileetara bideratua izatea ez dugula nahi ozen zabaltzeko\". AHT eraikitzeak suposatzen dituen \"kalteak izugarriak\" nabarmendu dituzte, \"gure sustraia eta etorkizuna den amalurra guztiz suntsitzen duelako\". Era berean, ekarriko duen \"bizi eredu kapitalista, xahutzailea eta sostengaitza\" ere zalantzan jarri behar dela uste dute. \"Derrigorrezkoa\" deritze AHTren lanak geldiaraztea eta egungo garraio eta gizarte ereduan aldaketak lortzeko eztabaida sortzea.

Murrizketak

\"Krisiaren aitzakipean\", hezkuntzan \"itzelezko murrizketak\" egiten dihardutela uste du Mugitu! mugimenduak: \"Eskubidea eta oinarrizko beharra den irakaskuntzatik dirua kenduz: ordezkapenak urrituz, bitarteko material eta pertsonala mugatuz, hezkuntza bereziko baliabideak ebakiz… Hezkuntza beharrak ase gabe gelditzen diren bitartean gutxi batzuen aberastasunerako AHT bezalako proiektu txikitzaileetan milaka milioi euro xahutzen dituzte\". Gogorarazi dute hezkuntza dela herrien etorkizuna. \"Herritar orok dugu hezkuntza duin bat jasotzeko eskubidea eta hezkuntza sistema publiko duin bat eskeintzeak, etorkizuneko gizartean elkarbizitza hobeago bat eta gizarte eredu justuago bat izatea ahalbideratuko digu\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!