Beste hainbat informaziogaz batera, eskualdeko baserriei buruz duela 10
urte egindako ikerlaneko datuak daude www.gerediaga.com atari berrituan.
Abadiñoko 270 baserri, Elorrioko 229, Berrizko 209, Iurretako 157... guztira, 1.509 baserriren fitxak ikusi daitezke aste honetatik aurrera Gerediaga elkartearen webgune berrituan. Duela hamar urte batutako informazioa ipini dute eskuragai, eta, azaldu dutenez, \"jendeak kontsultatu ahala ekarpenak jaso eta datu basea gaurkotzea\" da asmoa.
Baserriak on-line izeneko atalean baserriak bilatu daitezke eta argazkiaz gainera, fitxetan, sortze data, ohar arkitektonikoak, historikoak eta bestelako erreferentziak ikusi daitezke. Sateliteek ateratako argazkiak ere baditu Gerediagaren webgune berriak, baserriak airetik ikusitako irudietan errazago lokalizatzeko.
Baserrien datu-basea 2000 eta 2001 urteetan osotu zuten, Alberto Santana historialariaren zuzendaritzapean, Estibaliz Aldekoa-Otalorak eta Txelu Angoitiak. Web gunea berritzerakoan, \"informazio hori sareratzeko aukera\" ikusi dutela azaldu du Aitziber Atorrasagasti Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak.
Alfredo Baeschlin
Eguaztenean, Gerediaga elkarteak Alfredo Baeschlin arkitekto suitzarra omentzeko ekitaldia egin du. 1926 eta 1927 urteetan Abadiñon bizi izan zen Baeschlin eta eskualdeko baserrien arkitekturari buruzko lehen idatziak bereak dira. Abadiñon bizi izan zen kaleak bere izena du, Baeschlinen omenez.
Astolako San Bixente ermitan Gerediagak plaka bat ipini zuen 1984an, arkitekto suitzarraren omenez. Ordutik plaka hori birritan apurtuta agertu da, eta eguaztenean, Baeschlin jaio zela 128 urte bete direla-eta, eguna gogoan hartuta plaka berritzeko ekitaldia egin du Gerediagak. A.Ugalde