Lineak eragingo liekeen herrietako udalak \"herri oposizioa\" egitera deitu ditu Lurra erakundeak
Lineak eragingo liekeen herrietako udalak \"herri oposizioa\" egitera deitu ditu Lurra erakundeak
Gueñes-Itsaso goi-tentsioko linearen kontrako manifestu bat sinatzeko batzarra egingo dute bihar, eguerdian, Berrizko probalekuan. Linearen kontra dauden herrietako udal ordezkariak batuko dira batzar horretara, Lurra lurraren defentsarako erakundearen deialdiari erantzunda.
Sinadura ekitaldian egongo dira, besteak beste, Berrizko, Mallabiko eta Garaiko alkateak. Lurrako ordezkariekin prentsaurrekoan agertu dira asteon alkateok, eta proiektuaren kontra daudela berretsi dute.
Gasteiz-Castejon lineagaz ere tokiko erakundeetako ordezkariei antzeko deialdia egin zietela azaldu dute Lurrako ordezkariek, eta \"herri oposizioagaz\" proiektua geratzea lortu zutela nabarmendu dute. Durangaldean Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia eta Zaldibarri eragingo lieke goi-tentsioko lineak.
Herritarren kezka
Mallabia, Garai eta Berrizko alkateek goi-tentsio linearen inguruko kezka agertu dute eta proiektua \"beharrezkoa ez\" dela uste dute: \"lehen ez bazen behar, orain gutxiago. Eusko Jaurlaritzak, gainera 10 urtean zentralik sortzeko asmorik ez dagoela adierazi du\" azaldu du Mallabiko alkate Aitor Loiolak.
Loiolak gogoratu du Gueñes-Itsaso 400.000 voltioko lineak Gatika-Itsaso linearen albotik jonago dela: \"900 metro egingo lituzke lineak Mallabian eta Areitio gainean 200 metro daude linea batetik bestera\". Ariño auzoko 7 etxebizitza bi lineen artean geratuko lirateke. Goi-tentsioko linea berriak eragin ditzakeen \"osasun arazoekin kezkatuta, auzokide batzuk etxea uztea pentsatzen\" dabiltzala ere azaldu du Mallabiko alkateak. Mallabian 1.010 alegazio inguru aurkeztu dituztela jakinarazi du.
Garaiko alkate Gontzal Sarrigoitiak Garain linea basotik joango dela gogoratu du. \"Etxeetatik pasatu ez arren herritarrak kezkatuta\" daudela azaldu du. Linea dela-eta, 26 metroko kanalak egin beharko dituzte eta \"lursail horiek zelan geratuko diren kezka\" azaldu du Sarrigoitiak. Alegazioak aurkezteko \"denbora gutxi\" izan dutela nabarmendu du Garaiko alkateak: \"baina hala eta guztiz ere 60 lagunek aurkeztu dituzte alegazioak\".
Berrizko alkate Jabier Azpitartek goi-tentsioko linearen berri \"prentsaren bidez\" izan zuela adierazi du. Arinago eginda dagoen lineatik \"400 metrora pasatuko litzateke Berrizen\", eta lineak \"justifikaziorik ez\" duela uste du Azpitartek: \"energia aurrezteko horrenbeste programa dauden garaian energia kopurua bajatu beharko genuke, eta ez 400.000 voltioko linea berria egitera\". Gaineratu du, proiektuak \"ez\" dituela \"arriskuak kontenplatzen\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!