Saharako Errepublika aldarrikatu zutenetik, 35 urte igaro dira. Urteurrena ospatu eta elkartasuna adierazteko antolatzen den maratoian eskualdeko hainbat lagunek parte hartu zuten, tartean, Luisa Oleagak
Saharako Errepublika aldarrikatu zutenetik, 35 urte igaro dira. Urteurrena ospatu eta elkartasuna adierazteko antolatzen den maratoian eskualdeko hainbat lagunek parte hartu zuten, tartean, Luisa Oleagak. [imgd]http://www.anboto.org/images/9100/9112/1.jpg[/imgd]
Saharako maratoian parte hartzen duzun lehenengo aldia izan da? Zer moduz?
Bai, lehenengo aldia izan da, eta oso gogorra iruditu zitzaidan.
Eskualdeko zenbat lagun joan zineten?
Guztira, eskualdeko bost lagun joan ginen: hiru durangar, Cristina Muñoz (ama), Alba Oleaga (ahizpa) eta hiruok; Mallabitik, berriz, Dorleta Landa eta Ainhoa Solozabal etorri ziren. Euskal Herritik 37 pertsona joan ginela uste dut. Mundu osoko jendea joan ohi da.
Zer moduzko bidaia izan zen?
Maratoia otsailaren 28an izan zen, baina, guztira, astebeteko bidaia egin genuen. Alde batetik, gogorrak egin zitzaizkidan han igarotako zazpi egunak, batez ere, bertan bizi duten egoeragatik; horrek hunkitu egin ninduen, ez nuen pentsatzen hain txarto bizi zirenik.
Hala ere, primeran hartu gintuzten. Ezer ez eduki arren, oso eskuzabalak dira. Familiakoak izango bagina moduan hartu gintuzten.
Lasterketa bera, bereziki gogorra egin zitzaizun? Ohituta zaude horrelako probetara?
Lekeitio eta Ondarroa arteko lasterketa bat egin nuen behin, baina ezin da konparatu. Hango 20 kilometro hemengo 40 lakoak dira. Oso gogorra egin zitzaidan, batez ere, beroagatik; une batzutan 40 gradura iritsi zen hango beroa. Harean korrika egitea, gainera, oso gogorra da, asko nekatzen du; oso gaizki amaitu nuen Saharako maratoia, eta erdi zorabiaturik, hango medikuarengana joan behar izan nuen.
Zelan animatu zineten Saharako Maratoian parte hartzera?
Saharan egon naizen lehenengo aldia izan da, hala ere, lehenagotik izan dut tratua sahararrekin. Sei urtez ume saharar bat etxean hartu dugu udan. 12 urte betetzen dituztenenan, ezin dira ekarri; iazko udan beste ume bat hartu genuen.
Noiz edo noiz Saharara joateko asmoa bagenuen; Agustina Ibarluzeak maratoiaren berri eman zigun, eta gu ere animatu egin ginen. Bide batez, etxean hartu izan ditugun umeekin ere egon ginen. Bakoitzagaz hiruna egun.
Zenbat denbora behar izan zenuen?
2 ordu eta 44 minutuan egin nituen 21 kilometroak. Amagaz batera burutu nuen proba. Albak, berriz, hamar kilometrokoa egin zuen. 5, 10, 21 eta 42 kilometrotako lasterketak daude, bakoitzak ahal duena egin dezan.
Ze hartu-eman daukate Sahararrek kirolagaz?
Emakumezkoek ez dute kirolik egiten. Gazteek zer edo zer gehiago. Edozelan ere, oso gaitza da eurentzat, azpiegiturarik ere ez daukate-eta.
Beharrezko ikusten dituzu horrelako ekimenak?
Bai. Saharan bizi duten egoera ez da bidezkoa. Hango errealitatea ezagutzera ematea oso garrantzitsua da eurentzat. Umeak ekartzea ere oso garrantzitsua da. Norberarentzat ere esperientzia oso aberasgarria da; gauzei balio handiagoa ematen ikasi dut. Han ezer gutxigaz konformatzen dira; guk, ostera, denetik daukagu eta gehiago gura dugu, oso geurekoiak gara.
Itzultzeko asmorik badaukazu?
Noiz edo noiz itzuliko naiz, seguru. Maratoia ez dakit berriz egingo dudan! Egitekotan, 10 kilometrokoa egingo dut.
Berbaz
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!