Bideo-deien bitartez, hiru konexio egin dituzte Lambayequera, Eskolako Agenda 21en barruan.
Bideo-deien bitartez, hiru konexio egin dituzte Lambayequera, Eskolako Agenda 21en barruan.
Hemen fabrika asko ote ditugun galdetu du pantailan ikusten den neskak, eta Berriztik, mutikoak \"Bai, gure ustez larregi\" dio. Elkarren bizimoduaren berri edukitzeko bideokonexioak izan dituzte asteon Durangaldeko eta Peruko Lambayeque eskualdeko gaztetxoek.
Hainbat galdera egin dizkiote elkarri, eta korreo elektroniko helbideak trukatu ere bai.
Eskolako Agenda 21 programaren barruan egin dituzte bideoforo horiek asteon. Emaús fundazioaren bitartez, Peruko Compromiso por la Mujer elkarteagaz bat egin dute, eta 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek elkarren berri izateko aukera eduki dute.
Bai han bai hemen, kontsumo arduratsua lantzen ibili dira ikastetxeetan, eta kontsumo ohituren eta kulturaren gaineko galderak egin dizkiote elkarri.
Astelehenean Durangoko ikasleek egin dute konexioa, Durangon. Martitzenean Berrizko kultur etxean elkartu dira Berriz, Elorrio eta Zaldibarko ikasleak, eta eguenean Iurretako institutuan eduki dute bideoforoa Iurreta, Abadiño eta Otxandiokoek.
Desberdintasunekin harrituta
Batean eta bestean zer jaten duten, nondik datozen jaten dituzten produktuak, zer adinetan hasten diren ikasten, zer adinetan ezkontzen diren...
Deneriko galderak izan dira foroetan. Berrizko bideo-foroan perutarrak harritu egin dira hemen ezkondu 30 urtetik gora egiten dela entzutean, eta han 15 urtetik aurrera lan egiten dutela entzuteak ere harridura sortu du Durangaldeko gaztetxoengan.
Gazteleraz gainra, hemen euskara dugula kontatu diete bertakoek perutarrei, eta han ketxua daukatela azaldu diete, baina ez dakitela askorik. Aisialdiaz ere egin dute berba, eta galderen artean helbide elektronikoak trukatu dituzte. Amaitzeko batzuek besteei abesti bana abestu diete: Berrizen Ikusi mendizaleak aukeratu dute eta Perun modan dagoen balada bat. Elkarrekin hartu-emanean jarraitzeko asmoz amaitu dute bideokonexioa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!