Emakumeen eskubideen defentsan aterako dira hainbat lagun gaur kalera. Martitzen karnabal izatera, herri askotan ukitu berezia emango diote aldarrikapenari.
Emakumeen eskubideen defentsan aterako dira hainbat lagun gaur kalera. Martitzen karnabal izatera, herri askotan ukitu berezia emango diote aldarrikapenari.
Emakumeen Nazioarteko Eguna 1911an ospatu zen lehenengoz; 100 urte bete ditu berdintasunaren aldeko borroka gogoratzen duen egun honek, beraz. Ez da, hala ere, urteurren bakarra. Izan ere, atzo bi urte bete ziren Durangoko Andragunea zabaldu zenetik. Urteurren horiek gogoratzeko, egitarau oparoa antolatu dute Plataforma Feministak eta Berdintasun Udal Kontseiluak; aurtengo martxoaren 8a inauterietako astearteagaz batera dator, eta aldarrikapena eta festa uztartzea erabaki dute. Horretarako, mozorro jaia antolatu dute: 19:00etan, Andra Maritik abiatuta, kalejira egingo dute, eta ondoren mobilizazioa; 20:00etan hasita, manifestazio batek herriko kaleak zeharkatuko ditu. Hau amaitzean, Andragunearen urteurrena ospatzeko, jaialdia egingo dute Santa Anan. Egunean zehar egingo diren ekimenetara mozorroturik hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek; mozorrotzeko aukeratu duten gaia, berriz, \"feminismoaren historia\" da. Deitzaileek historian zehar emakumeak \"baztertu\" dituzten lanbideetako mozorroak janztera gonbidatzen dituzte herritarrak, hau da, suhiltzailez, medikuz, meatzariz... mozorrotzeko.
Abadiñon, arratsalde eta iluntzerako, herrian aldarrikapena eta jai-giroa zabaltzeko asmoz, hainbat ekimen antolatu ditu Abadiñoko Udaleko Berdintasun Sailak. Martitzenean, 17:30ean Pino plazan hasita, kalejirak girotuko du eguna, batukadagaz.
Gaurko ekimenetan parte hartzen duten emakumeak mozorrotzera animatu dituzte egitarauaren antolatzaileek: \"Andre langilea, mozorrotu zaitez beti izan nahi eta sekula izan ezin izan duzunaz\" da emakume abadiñarrei udalak zabaldu dien deia. Ekitaldietan mozorrotuta parte hartzen dutenen artean, hiru Trivial Feminista zotz egingo dituztela ere aurreratu dute. Herria kalejiran eta batukada hotsez lagunduta zeharkatu ondoren txokolatada eta dantzaldia antolatu dituzte frontoian, eguna amaitzeko.
Berrizen ere bi data esanguratsuak batuko dituzte. 15:30etik aurrera, makillaje, perkusio eta jantzi tailerrak izango dira eskolako patioan. Arratsaldean kalejira eta kontzentrazioa egingo dituzte, eta iluntzean Zugarramurdiko sorginei omenaldia eta trikipoteoa antolatuko dituzte. Jaia eta aldarrikapena batuko dituzte, beraz. Bestalde, hilaren 11n ikasleentzako mahai-ingurua egingo dute, Miren Amurizaren eskutik.
Iurretan, Iciar Bollaín zinemagilearen Mataharis pelikulagaz bideo-foruma antolatu dute 19:00etarako. Hiru detektiberen gaineko pelikula da Mataharis.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!