Durangaldean grebak izan duen erantzuna ontzat eman du gehiengo sindikalak

Anboto 2011ko urt. 28a, 08:45

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak gustura daude Durangaldean deitutako greba orokorrak izandako erantzunagaz.

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak gustura daude Durangaldean atzo deitutako greba orokorrak izandako erantzunagaz. Sindikatu deitzaileek jakitera eman dutenez, Durangaldeko herrietan grebaren jarraipena \"ia erabatekoa\" izan da. Herrietako komertzio, taberna eta batez ere banketxeetara pikete informatiboak joan zirela atzo goizean jakitera eman dute sindikatuek. \"Lehen orduan ireki duten banketxeek ere piketeak pasatu ahala itxi egin dituzte ateak\", gaineratu dute prentsa oharrean. Eguerdi alderako enpresa gehienak itxita zeudela azaldu du gehiengo sindikalak. Durangaldean enpresa askok \"zabaldu ere ez zuten egin\": Hierros Riezu, Agria, Elexalde, Idesa, Envasa, Ugarteburu Meypu, Lince, Alco, Mafisa, Alga, Amilibia, Camelot eta papelera Smurfit Nervion (gutxieneko zerbitzuekin), esaterako. Piketeak pasatu ahala, ixten joan ziren edo gutxieneko zerbitzuekin gelditu ziren beste enpresa batzuk ere aipatu dituzte: Betsaide, Indefunsa, Fuchosa eta Inyectametal. Azken enpresa horretan arazoak sortu ziren atzo, Ertzaintzak pikete informatiboetako hiru gazte indentifikatu zituenean. Irakaskuntza arloan ere jarraipena \"handia\" izan dela azaldu dute: Kurutziaga ikastola, Durangoko Jesuitak ikastetxea eta Txintxirri ikastolan greba egin zutela atzo diote sindikatuetako arduradunek. Udal zerbitzuetan ere grebak antzeko jarraipena izan duela azaldu dute. Komertzio handietan, 200 pertsona inguru joan ziren Eroski eta Sabecora eta itxi egin zituzten, sindikatuek diotenez. Elorrioko Eroskiren zentralean piketeei ateak itxi egin zizkietela salatu dute. \"Ertzainen laguntza eduki dute bertara joandako langileen kontra oldartzeko. Barruan zeuden langileekin berba egitea ukatu eta pertsona bat identifikatu zuten\".

Mobilizazioak antolatu dituzte Durangaldean

Pentsio erreformaren kontrako greba orokorrerako deialdia zela-eta, mobilizazioak antolatu zituzten atzo arratsaldean Durangaldean. Durangon arratsaldeko 17:30ean batutako ehunka manifestarik herriko kaleak zeharkatu zituzten pentsio erreformaren kontra. Ordu berean, Elorrion, beste manifestazio jendetsu batek aldarri bera egin zuen. Aurreko asteetan ere, sindikatuek hainbat protesta ekitaldi antolatu dituzte Durangaldean. Urtarrilaren 11n, esaterako, Durangoko Gizarte Segurantzaren aurrean elkarretaratzea antolatu zuten. Urtarrilaren 14an, berriz, manifestazioa deitu zuten. [img]http://www.anboto.org/images/8700/8761/1.jpg[/img] Sindikatu deitzaileek azaldu dutenez, \"erreformaren atzean pentsio publikoen amaiera eta pribatuak bultzatu nahia dago\". Banketxeekin erreforma egitea adostuta dagoela diote, eta antzerkia egiten ari direla CCOO eta UGT gobernuagaz akordiora heldu daitezen. Gainera, gogoratu dutenez, \"Hego Euskal Herrian pentsiodunen erdia pobrezia mugatik behera bizi da gaur egun\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!