"Edan taldeari eskerrak geure buruari barre egiten ikasi dugu"

Anboto 2011ko urt. 21a, 09:32

Showa faltan bota dutela-eta, txikitan herriko plazan horrenbeste bider entzundako abestiak entseatzen hasi dira berriro Edan taldeko lagunak. Ondo pasatzeko helburuz bueltatuko dira Abadiñon, otsailaren 4an. Azken txanparen hasiera dela diote.

Showa faltan bota dutela-eta, txikitan herriko plazan horrenbeste bider entzundako abestiak entseatzen hasi dira berriro Edan taldeko lagunak. Erromeria eta ardo zaleak, ondo pasatzeko helburuagaz bueltatuko dira. Abadiñon otsailaren 4an dute lehenengo kontzertua. Azken txanparen hasiera dela diote. Berriro hasi behar duzue kontzertuak ematen. Zergatik orain? Orain dela hiru urte ez genuen utzi gura genuelako. Baxu-jotzailea Ingalaterrara joan zen, eta horregatik utzi genuen. Gure taldea azkenean lagun taldea da, koadrilakoak gara, eta ondo pasatzeko modu bat zen Edan. Faltan botatzen genuen, eta batzar baten bueltatzea erabaki genuen. Bakoitza bere beharragaz, ikasketekin... gabiltza, eta luzarorako ez da izango. Aurrekoa baldintzatua izan zenez, orain guk gura dugun moduan agurtu gura dugu. Faltan bota duzue Edan. Bai, batez ere, neguan. Jotzen ibili ginen urteetan, Goienkalen sartuta egon beharrean asteburu asko kanpoan egin genituen. Pare bat urte nahiko biziak izan ziren; gezurra ematen du, baina 2007an ia 30 kontzertu eman genituen, eta hori udan jo barik! Polita izan zen. Zaleek ere faltan bota zaituztela igarri duzue? Askotan esan digute ea bueltatuko ginen, ez ginen bueltatuko... Eurek ondo pasatzen zuten eta guk ere bai. Jendeari barre eragiten genion, eta hori zen helburua! Gazteak sarri erromerietatik urrun ibiltzen dira... Beno, gazteak Luhartzegaz-eta mugitzen dira, eta gazteen erromeria talde batzuk badaude. Baina talde gehienak punkiak dira. Gogoratzen dugu behin, Ataunen, kontzertuaren ordua heldu eta inor ez agertzea. Jendearen bila kalejiran joan ginen. Herri batzuetan agian ez dago erromeriarako zaletasunik, eta Bergaran ere tabernaz taberna triki poteoan joan ginen, eta gero igo eszenatokira. Edanek koadrilari on egin zion? Bai. Aste osoan erdi estresatuta egoten ginen, beharrean, ikasketekin... eta barikua heltzen zenean liberazioa izaten zen. Kontzertuak zelan montatu pentsatzen hasten ginen, ilusioz beterik! Eganek badauka Edanen berri? Baietz uste dugu. Kontatu digute Otxandioko batzuk Eganen kontzertu batera joan zirela eta han hasi zirela: \"Hau ez da ezer!\" \"Edan! Edan!\" eta eurak: \"Edan? Nortzuk dira horiek?\". Zer edo zer badakite, baina beno, esan, geuri behintzat, ez digute ezer esan. Eragin handia izan du Eganek zuengan. Eganengan oinarritzen gara, batez ere. Orain, erdi ugertuta entsaiatzen hasi garenean, geuk itxaroten genuen baino hobeto gabiltza. Gehienok umetatik plazan askotan ikusi ditugu, eta abeslariek, adibidez, kantak buruz dakizkite! Baina zuena ez da erromeria bakarrik. Saiatzen izan gara kontzertu bakoitzean performance edo show desberdin bat egiten. Txirringazen bizikletekin; Tolosako inauterietan drakularen musikagaz eta alkandora hertsagarri bategaz; Altsasun Bategin egunean Sanferminetako parodia egin genuen, jende artean korrika...Eszenatokian bertan lotsarik ez genuen pasatzen... Gero, batzuetan, bai. Egia esan geure buruari barre egiten ikasi genuen. Irudimena badaukazue behintzat... Horrek gauzok sarri juergan berbetan gaudela irteten dute. Beste batzuetan azken momentura arte ez dugu jakiten. Behin kotxean bateria kargatzeko pintzak genituela-eta, Badiola erreanimatzea otu zitzaigun. Beste behin Otxandion, ez geneukan ezer pentsatuta, eta hormigoi-makina bat ikusi genuen. Traktore txiki bategaz eta hormigoi-makinagaz eszenatokiraino sartu gintuzten, eta Endika hormigoi-makina barruan trikitixa jotzen!
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!