Ikastaroetan parte hartu dutenen %83ak erretzeari utzi dio

Anboto 2011ko urt. 19a, 14:23

Oraintsu amaitutako ikastaroen arrakasta ikusita, Durangaldeko Amankomunazgoak berriro antolatuko ditu otsailean.

Oraintsu amaitutako ikastaroen arrakasta ikusita, Durangaldeko Amankomunazgoak berriro antolatuko ditu otsailaren 7an. Durangaldeko Amankomunazgoak oraintsu amaitu ditu erretzeari uzteko ikastaro bi. Modu jarraituan 22 lagun ibili dira eta horietatik 19k lortu dute erretzeari uztea (%84ak). Horregatik eta oraintsu indarrean sartu den legeak eskaria handitu duenez, apirilean hasi beharreko hurrengo ikastaroak otsailaren 7ra aurreratu dituzte. Urtarrilaren amaierara arte dago izena emateko epea (sasoia@terra.es). Zortzi asteko ikastaroak dira, astean behin batzen direlarik. Tokia izena ematen dutenen bizitokiaren arabera erabakiko dute. Ikastaroetan erretzeari apurka uzten diote, astetik astera zigarro kopurua gutxituz. Beraz, \"ikastaroko laugarren saioan, hilabete joan denean, ipintzen dugu erretzeari uzteko data definitiboa\", azaldu du Vicente Fernández ikastaroen antolatzaileak. Hiru oinarriko metodologia darabilte: taldekako terapia, eta, laguntza psikologikoa eta farmatologikoa. %10ak utzi dezake \"Orain erretzeari uztea gehiago kostatzen zaie lehen baino\", dio Fernándezek, baina horrek badu arrazoi logiko bat. \"Erretzeari utzi nahi ziotenak apurka uzten joan dira azken 25 urteetan\". 1985an adin nagusien %50 inguruk erretzen bazuen, \"kopuru hori ez da %30era heltzen gaur egun\". Dena dela, orain \"sasoi batean ez zeuden laguntza farmakologikoak ditugu, erretzeko gogoa kentzen dutenak\". Ikastaroetan izena ematen dutenen %65a emakumeak dira, \"baina hori ere logikoa da, tabakoaren kontsumora beranduago sartu direlako\" . Adin tarteari dagokionez, gehienak 30 eta 50 urte artekoak dira. Azkenik, tabakoaren legeagaz, estimazio global bat eginez, %10 batek utzi dezakeela kalkulatu du. Datu hori eskualdera ekarrita 1.100 bat lagunek utziko liokete erretzeari, baina \"100 lagunek uztea lortzen badugu ere pozik sentituko gara\". [img]http://www.anboto.org/images/8700/8725/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!