"Ordainlekuen inguruan Aldundiak onartutako araudia diskriminatzailea eta iraingarria da"

Anboto 2011ko urt. 14a, 14:22

Aralarren ustez, araudia \"diskriminatzailea\" da Durangaldeko biztanleek bakarrik ordaindutako bidesariagaz Bizkaia mailako azpiegiturak finantzatuko dituztelako eta \"iraingarria\" da \"beherapen moduan saldu arren, igoerak direlako\". Aralar alderdiak gogor kritikatu du autopistaren ordainsari berriak arautzen dituen Aldundiaren dekretua. Alde batetik, oraindik \"diskriminatzaileak\" izaten jarraitzen dutela salatu dute. Aldundiak errepideei lotutako azpiegiturak finantzatzeko erabiliko du ordainlekuetan ateratako dirua (Gerediaga-Elorrio arteko errepideari eta Ermuko sahiesbideari eman diote lehentasuna) eta \"zergatik ordaindu behar dituzte Durangaldeko biztanleek azpiegitura horiek?\" galdetu du Dani Maeztu Aralarreko zinegotzi eta legebiltzarkideak. Izan ere, Zornotza, Iurreta eta Ermuan bakarrik ordaintzen da orain bidesaria: \"Edo bizkaitar denok berdin ordaintzen dugu errepide arinak erabiltzeagatik edo inork ez luke ordaindu behar\". Bestalde, araudiko hainbat punturi ez diete logikarik aurkitzen. Batetik, lehen Ermua, Iurreta edo Iurretan autopista hartu eta Basaurira arte ordaintzen zen. Erletxeetan autopistatik irten daitekeela edo Txorierriko bidea hartu daitekeela kontuan hartuta, \"ordaindu beharko ez genituzkeen zazpi kilometro ordaintzen genituen\". Araudi berriak ez du arazoa guztiz konpondu. Bost kilometro kendu dituzte (Usansoloko irteeraino), baina \"oraindik Erletxeetatik Usansolora arteko kilometro biak ordaintzen jarraitzen dugu\". [img]http://www.anboto.org/images/8700/8703/1.jpg[/img] Bigarrenik, prezioei dagokionez \"beherapen moduan saldu digutena, errealitatean igoera bat da\". Lehen Basauritik Iurretarako 22 kilometroak 2,09 balio zuen; orain Usansolotik Iurretarako tarteak 1,96 balio du: \"Beraz, kalkuluak eginda, lehen kilometro bakoitzeko 0,092 ordaintzen genuen eta orain 0,108 ordaintzen dugu; %17 gehiago\". Azkenik, prezioen tokian-tokiko banaketa kritikatu dute. Laster Abadiñoko Gerediaga auzoan ordainleku berria egingo dute eta Bilbo-Gerediaga tarteak 2,73 balioko du. Bilbotik Iurretara artekoak 1,96 balio duela eta Iurretatik Gerediaga arteko 0,47 kostako dela kontuan hartuta \"merkeagoa izango da Iurretan irten, biribilgunean buelta hartu, berriro autopistara sartu eta Gerediagan irtetea\". 30 zentimo merkeagoa, hain zuzen. Ez du ingurugiroa errespetatzen Azkenik, Aralarren esanetan, araudiak \"autopista gehien darabiltenak eta, ondorioz, gehien kutsatzen dutenak saritzen ditu\". Izan ere, OBE sistemagaz 20. bidaiatik aurrera hilea amaitu arte ez dago ordaindu beharrik: \"Autobus publikoetan ez dute neurri bera erabiltzen\". Bide horretatik, bizkaitar denek \"prezio finko bera\" ordaindu beharko luketela uste dute eta handik jasotako dirua \"mantenimendurako eta garraio jasangarria sustatzeko\" erabili beharko litzatekeela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!