Urtarrilaren 27ko Grebari begira antolatutako ekimenen berri eman du gehiengo sindikalak.
Pentsioen erreformaren aurka urtarrilaren 27rako greba orokorra deitu duen gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE, HIRU) Durangaldean gauzatuko dituzte ekintzen berri eman du. Barikuan, 12:30ean, manifestazioa abiatuko dute Santa Anatik.
Durangoko Gizarte-Segurantzaren Instituzio Nazionalaren aurrean, urtarrilaren 27ko greba orokorra defendatu eta argudiatu du ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE, HIRU sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak. Horregaz batera, datorren barikuan (urtarrilak 14), 12:30ean, Santa Anatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
ELA sindikatuko kide Mikel Etxebarriaren esanetan, \"Estatuek borrero bezala aurrera eraman nahi dute historiako lapurretarik handienaren barruan sartu daitekeen puntu garrantzitsu bat: pentsioen erreforma\". ELAren ustez, \"krisia sortu zenetik, finantza merkatu eta banku espekulatzaileek beraien hutsak estaltzeko Gobernuei eskatu diete dirua eta, horrez gainera, politika neoliberalak eta kapitalistak ezartzeko agindu diete\".
LABeko ordezkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak \"pentsio publikoen amaiera eta pribatuen bultzatzea\" dakusa erreformaren atzean eta dagoeneko \"erabakia hartuta\" dagoela dio: \"Banketxeekin adostuta dago erreforma egin egingo dela eta antzerkia egiten ari dira CCOO eta UGT Gobernuagaz akordiora heldu daitezen\". Sistema publikoa \"ez dago arriskuan\" LABen iritziz, \"superabita du, baina gutxi batzuek daramate denok behar duguna\".Gainera, gogoratu du Hego Euska Herrian \"pentsiodunen erdia pobrezia mugatik behera\" bizi dela.
Gehiengo sindikalaren ustez hauek dira, besteak beste, pentsioen erreformak ekarriko dituen aldaketarik \"larrienak\":
- Erretiro adina 67 urtera arte luzatzea.
- Pentsioa izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak luzatzea.
- Arautzako oinarria kalkulatzeko 15 urtetik 20 edo 25 urtera pasatzea, ondorioz, pentsioak %20 murriztuz.
- Kotizazio urteen arabera jasoko den diru kopurua murriztea: %100 jasotzeko 38 edo 40 urte kotizatu beharko dira.
- Pentsioek eros ahalmenari eusteko betebeharra ezabatzea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!