Erralderen laugarren urteurrenaren harira, hiltegiko langileek eta gerentziak oharra kaleratu dute, proiektuaren balorazio positiboa eginez eta hiltegi berriaren egitasmoa \"berraktibatu\" behar dela aldarrikatuz.
Erralderen laugarren urteurrenaren harira, hiltegiko langileek eta gerentziak oharra kaleratu dute, proiektuaren balorazio positiboa eginez eta hiltegi berriaren egitasmoa \"berraktibatu\" behar dela aldarrikatuz.
Zapatuan bete ziren lau urte Erralde hiltegiak lehen pausuak eman zituenetik. 4.000 abeltzain inguruk ekarritako 22.000 buru baino gehiago hil dituzte bertan, eta Bizkaiko Bildotsa izendapenean, Bizkaiko artzainen bildots gehienak ere bertatik pasa dira. Oharrean diotenez, Erralderen balantze ekonomikoak \"positiboa izaten\" jarraitzen du. 18 langilegaz, \"produktibitatearen marjina industriala 645.030 eurotan izateak, enpresa-proiektu interesgarri baten aurrean gaudela ondorioztatzen\" duela uste dute.
Alokairu eta mantentze-lanek 200.000 euroko gastua suposatzen dutela-eta, proiekzioa duen egitasmoa dela irizten diote. Izan ere, Erralde Durangon dago kokatua, baina denbora baterako bakarrik. Bere garaian 5 urterako akordioa sinatu zuten, eta Berrizen instalazio berriak egitea dago pentsatua. Langile eta gerentziakoek, etorkizunean gastu horiek gutxituko lirakeela diote alde batetik, eta bestetik, hil, zatikatze eta mezu komertzialaren eremuak batera egonda horretarako aukera gehiago ikusten dituzte.
Erralderen bazkide, bazkide ez diren Bizkaiko udalerri, Aldundi, Eusko Jaurlaritza eta abeltzainei adierazi gura izan diete eurak direla \"Erralderen oinarrizko sostengu ekonomikoa\".
Amaitzeko, kontratuekin, Durangoko Udalagaz, Osasun sailagaz eta auzokideekin dauden hainbesteko \"kezka eta zalantzak\" ezin direla luzatu diote. \"Langile eta gerentziak berba egin dugu, proiektua bideragarria dela argudiatuz, eta orain klase politikoaren ordua da\".