Sahara, Durangaldean ere eztabaidarako gai

Anboto 2010ko aza. 12a, 15:21

Durangoko udalak gaur onartutako adierazpena ez du babestu ezker abertzaleak. Elorrion arratsaldean aztertuko dute.

Durangoko udalak gaur onartutako mozioa ez du babestu ezker abertzaleak. Elorrion arratsaldean aztertuko dute. Durangoko udaleko bozeramaileen batzordeak herri sahararraren aldeko adierazpena onartu du gaur eguerdian, EAJ, PSE-EE, Aralar eta PPren babesagaz. Eusko Legebiltzarrak proposatutako testua izan da bertan oniritzia jaso duena. Ezker abertzaleko zinegotziak ez dira udalbatzarrean izan, eta ohar bidez azaldu dute euren jarrera. Euren ustez, \"adierazpen hau labur geratzen da eta ez du konponbiderako presio modurik barneratzen\". Diotenez, \"Estatu espainiarrak ez du ezer egiten kontu honetan, eta testuak ez du horren aipamenik egiten\". Espainiako Gobernuak Saharan interes ekonomikoak dituela salatu du ezker abertzaleak. Adibide legez, \"munduko arrantza gunerik aberatsenetariko bat du saharar herriak, eta gobernu marokoarrak eskainitako 114 esplotazio lizentzietatik 100 espainiar estatuarentzat dira\", diote. Madrilek, Marokok egindako erasoaren berri aurretik zuela salatu dute oharrean. Gaur arratsaldean, 18:30ean, eztabaidatuko dute gaia Elorrion. Eguaztenean Berrizen onartu zuten adierazpen instituzionala, eta domekarako mobilizazioa deitu zuten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!