Euskara, aisialdia eta sorkuntza berbagai II. Gazte Topaketetan

Anboto 2010ko urr. 28a, 09:30

Asteburuan eskualdeko gazteen bilgunea bihurtuko da Atxondoko gaztetxea.

Asteburuan eskualdeko gazteen bilgunea bihurtuko da Atxondoko gaztetxea. Lan taldeak, tailerrak, eztabaidak, kontzertuak... ekitaldiz betetako asteburua izango dute asteburu honetan Atxondoko Gaztetxean. Iaz Abadiñon egin zuten legez, aurten Atxondon elkartuko dira hainbat gazte, gizarte gai batzuk landu eta asteburu-pasa egiteko asmoz. Iazko topaketetan 50 gazte inguru batu ziren Abadiñoko gaztetxean. Topaketen antolakuntzan ibili den Amaia Aurrekoetxeak azaldu duenez, aurten iazko lanagaz jarraitu gura dute: \"Durangaldean normalean gazteok denok batera gauza gutxi egiten dugu, eta hau gerora begirako egitasmoak sortzeko bide bat izan daiteke\". Hausnarketarako hiru lan talde eratuko dituzte asteburuan, aisialdia, sorkuntza eta euskara gaiak lantzeko. Zapatu goizean, gainera, gazte mugimenduaren eta hezkidetzaren gaineko eztabaida izango dute. Hausnarketa eta eztabaidez gain, kontzertuak eta gaubelak antolatu dituzte astebururako. Zapatu arratsaldean, gainera, clown tailerra, ekialdeko dantzak eta globoflexia izango dituzte. Asteburu osoko bonoak saldu dituzte, baina egon solteetan ere joan daiteke topaketetara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!