Finalerako sailkatzeko helburuarekin, lehendabiziko lau taldeen txanda gaur

Anboto 2010ko urr. 22a, 14:29

20 talde izango dira lehian Elgetako Kafe Antzokian gaurtik abenduaren 17ra bitartean; finala, urtarrilaren 14an

20 talde izango dira lehian Elgetako Kafe Antzokian gaurtik abenduaren 17ra bitartean; finala, urtarrilaren 14an. Dena gertu dago Danbaka musika lehiaketaren laugarren ekitaldiari ekiteko. Elgetan izango da hitzordua gaur, barikua, 22:30ean. 20 talde izango dira lehian. Gaurkoaren ondoren, beste lau kontzertu izango dira: azaroaren 5ean, 19an eta 26an eta abenduaren 17an. Hiru talde onenak sailkatuko dira urtarrilaren 14ko finalerako. Epaimahaia aspaldiko lagunek osatuko dute: Jul Bolinagak, RIP taldeko gitarra-jotzaile ohiak; Iñaki Bengoak, Gose taldeko kide eta Shot! grabazio estudioko arduradunak; Amaia Arriaranek, Arrasate Musikaleko Big Band taldeko abeslari ohiak; bere garaian Txibisto musika aretoan jardundako Julen Narbaitzak; eta Iker Barandiaran kazetari arrasatearrak. sarrerak, 5 eurotan Kontzerturako sarrerak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira (3 euro Gaztekutxarekin). Kontzertu guztiak –finala barne– ikusteko bonuak 22 eurotan jarriko dituzte salgai (12 eurotan Gaztekutxarekin). Maider Arregi Goienako kazetariak jardungo du aurkezle lanetan gaur. Ikuskizuna hastera doa...

TALDEAK

BLACK RIVER (OÑATI) Kepa Alberdi (ahotsa), Unai Urkia (baxua eta ahotsa), Josu Manuel (gitarra), Mikel Saiz (bateria) eta Alberto Millas (gitarra) oñatiarrek osatzen dute Black River. Metal core melodikoa egiten dute. Lehen urratsak 2007an egin zituzten, taldekideen begiko taldeen bertsioak eginda. Metal mundura bidea jarri ostean, abesti propioak sortzen hasi ziren. Maketa grabatu zuten udan eta aurki salgai jarriko dute. Danbakaren lehen kontzertuari hasiera emango diote gaur. [img]http://www.anboto.org/images/8300/8343/1.jpg[/img] DESPREZIO (BERGARA-SORALUZE) Punk-rocka egiten dute, edo, taldekideen esanetan: \"Irteten zaiguna jotzen dugu\". Hiru lagun dira taldean: Manzana (gitarra eta ahotsa), Izu (baxua eta ahotsa) eta Porru (bateria eta ahotsa). Arrasaten 2003. urtean sortutako taldea da eta hasiera baten lau neska ziren taldean; gerora, hainbat aldaketa etorri ziren. Orain dela urtebete diskoa grabatu zuten Akrata taldeko Karlos eta EUren laguntzarekin. 15 kantu propio batu zituzten bertan eta 3 eurotan jarri zuten salgai aipatutako lana. [img]http://www.anboto.org/images/8300/8343/2.jpg[/img] LORD WITCH (BERGARA) Lord Witch taldea 2004ko udan Bergaran sortutakoa da. Sei lagun dira: Jordan (ahotsa), Jorge (gitarra eta koruak), Euge (gitarra eta koruak), Javi (baxua), Iker (bateria) eta Carlos (teklatuak). Haien arabera, power metal eta heavy metal melodikoa egiten dute. Euskal Herrian ez ezik, Madril, Zaragoza eta Badajoz aldean ere kontzertuak egin dituzte azkenaldian. Dragon flight diskoa atera zuten iaz. Bigarren aldiz hartuko dute parte Danbaka lehiaketan. [img]http://www.anboto.org/images/8300/8343/4.jpg[/img] LA-TOX (BERGARA) Musika elektronikoa lantzen du Bergarako bikoteak. Aurten sortutakoa da La-Tox proiektua, aldi berean beste zenbait proiektutan murgildurik dauden Txus Arriaranen (Yotox) eta Laida Ballasterosen (L.2.B.2) elkarlanaren ondorioz. Arriaran programazioaz eta sintetizadoreez arduratzen da eta Laida Ballasterosek (L.2.B.2) erritmo programazioak eramaten ditu; horrez gain, zuzeneko bateria elektronikoa jotzen du. Proposamen interesgarria La-Toxek dakarkiguna. [img]http://www.anboto.org/images/8300/8343/3.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!