"Faxismoaren estrategien barruan sartzen da emakumearen kontrako errepresioa"

Anboto 2010ko urr. 8a, 10:00

\'No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos\' liburuaren egileak dira Edu Barinaga eta Maria Gonzalez

Saturrarango kartzelan emakumeek bizitakoak kontatzen ditu \'Izarren argia\' Baleukoren pelikulak. Donostiako zinemaldian estreinatu dute filma, eta zinema aretoetara hilaren 22an helduko da. Liburua kaleratu dute asteon, filmaren oinarri diren emakumeen testigantzak eta faxismoak emakumeei zuzendutako errepresioaren gainean: No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos. Esanguratsua da liburuaren izenburua. Eduardo Barinaga: Filmerako elkarrizketatu genuen emakume batek esandakoa da. Berari entzunda negargura etortzen zaizu. Esan zigun negarrak ez duela ezer konpontzen; egin behar duguna hori zabaltzea dela: ahaztu ez eta ahalik eta jende gehienari gertatutakoa kontatzea. Indarra eta garbitasuna erakutsi zituen, eta esaldi horrek oso ondo islatzen du proiektuaren inguruan daukagun sentimendua. [imgd]http://www.anboto.org/images/8200/8252/1.jpg[/imgd] \'Izarren argia\' filmagaz lotutako liburua da hau. Nondik dator liburua argitaratzeko ideia? E.B.: Saturraranen egondako emakumeen testigantzak entzunda, historiak barneratu egin gaitu; ezinbestean gizartera zabaltzeko konpromisoa hartu dugu. Filma azkenean fikzioa da, eta testigantza horiek idatzita, liburuan batzea pentsatu dugu, indar gehiago emateko. Maria moduko ikerlari baten laguntzagaz, gainera, puzzle osoari zentzu orokorra ematen saiatu gara; bere sarreragaz demostratu gura dugu Frankismoak hemen egin zuena Europan faxistek egindakoaren aplikazio bat zela. Ideario faxistak pentsatuta zeukan zer paper jokatu behar zuen emakumeak eta zer nolako errepresioa jaso behar zuen. Zelan heldu zara ondorio horretara, Maria? Maria Gonzalez: Berlinen egon nintzela, bertako artxiboetan begiratzeko aukera izan nuen, eta han hemen egin barik daukagun eztabaida aspaldi eginda daukatela konturatu nintzen. Faxismo garaiko indarkeria mota guztiak euren izenez onartuta dauzkate, eta faxismoaren estrategia propioa zirela frogatuta daukate. Hemen esaten da kartzeletako emakumeei ilea labur-labur moztea falangisten kontua zela, baina hori Alemaniako estrategiagaz bat dator; hango talde militarrak SSak izan ziren; hemengoak, falangistak. E.B.: Berandu inoiz ez da izaten, baina errealitate hau duela hogeita hamar urte landu behar genuen hemen. Nik gazteei galdetzen diet ea juduen holokaustoa ezagutzen duten, adibidez. Horrek kontuok jakiten ditugu, baina ez dakigu gure etxetik hain gertu zer gertatu den. Zer giro zegoen kalean? M.G.: Durangora sartutako Jose Artetxe euskal idazle karlistaren egunerokoan, adibidez, igarri daiteke populazio zibilaren kontrako bortxaketak zer puntutaraino zeuden onartuta. 1937ko maiatza aldera, bere lehengusua Durangoko ospitalean hilzorian zegoela, baten bategaz berbetan geratu zen Artetxe, eta bere emaztea eta lehengusina aurretik zihoazen. Soldadu bi euren gainera bota ziren, bortxatzeko asmoz. Andre horiek bereak zirela esan behar izan zuen Artetxek, eta militarrez jantzita zihoanez, kasu egin zioten. Hori Durangon bertan. Eta bortxaketa ez da emakumeen gorputzak errazten duen ekintza bat. Gure gorputza ez dago prest bortxatua izateko, ezta erretxina olioa hartzeko ere. Feminitatearen kontrako erasoak izan ziren; komunitatearen normalizazioaren kontrako estrategia izan zen. Gizon errepublikazaleen paperari buruz ere idatzi duzu liburuan... Egia da gizon errepublikarrek askatasunaren alde borroka egin zutela. Baina askatasun hori ez zen emakumeen askatasuna; ez zen eurek maite zituzten emakumeen askatasuna ere. Gerra amaitutakoan etxeko indarkeria kasuek, isilpean geratu arren, gora egin zuten. Frontetik datorren gizona, frontea beragaz dakarrela bueltatzen da. Ezin da pentsatu gerran hil, bortxatu eta mina eman gura izan duen pertsona lehengo bera izatera bueltatuko denik. Zelan laburtuko zenukete egitasmoaren helburua? E.B.: Memoria historikoari buruz berba egiterakoan batailak, fusilatuak, gerlariak... aipatzen dira, eta gutxitan egiten da berba emakumeei buruz. Proiektu hau guztia emakumearen ikuspuntutik eginda dago. Emakumeen figura aldarrikatu gura dugu; emakume izateagatik bakarrik zigor berezia jaso zutelako emakumeek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!