12 eta 18 urte artekoei bideratuta, euskararen erabilera eta ikuskizuna batzen ditu ekimenak
Durangaldeko Amankomunazgoko eta eskualdeko 10 herritako euskara batzordeek sustatuta, 12 eta 18 urte arteko gazteek euren ezkutuko talentua plazaratzeko aukera izango dute azaroan \'Izarren distira\' ekimenaren bidez\'.
Bertsoa, umorea, dantza, bakarrizketa… gaia librea da, bakoitzak barruan baduela uste duen dohaiaren araberakoa. Hiru kastingen ondoren, San Agustin kultur gunean jokatuko dute finala, azaroaren 13an. Helburua artista gazteen erakuslehio izatez gainera, euskara sustatzea da: \"Nerabeen eta gazteen artean euskararekiko motibazioa sustatu nahi dugu\", Nerea Zubia Amankomunazgoko euskara teknikariaren esanetan.
Amankomunazgoaz eta Aldundiaz gainera, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurzta, Mañaria eta Zaldibarko udalek babestu dute ekimena (Hamaika telebista laguntzailea da). Lehiaketaren arlo teknikoa Kultur Kabia enpresak eramango du.
Izena emateko epea urriaren 26ra artekoa da eta www.izarren distira.com webgunean jakin daitezke eskakizunak. 12 eta 18 urte arteko gazteek parte hartu dezakete lehiaketan. Bakarka edo gehienez sei laguneko taldeek euskara hutsean aurkeztu beharko dituzte bi eta hamar minutu arteko ikuskizunak. Epamahaiak lanen originaltasuna, hizkuntzaren trataera, neska-mutilen parte hartzea eta talde lana hartuko ditu kontuan aukeraketa egin orduan. \"Epaimahaia gazteentzako erreferente diren pertsonaia ezagunek osatuko dute\".
Azaroaren 3an, 4an eta 5ean kasting bana egingo dute Durangon, Elorrion —Arriolan— eta Berrizko edo Abadiñoko kultur etxean. Izena ematen duten jatorriaren arabera erabakiko dute Berrizen edo Abadiñon egin. Lanen iraupenaren arabera, sei edo zortzi ikuskizun aukeratuko dituzte azaroan 13an, 19:00etan, Nerea Aliasek San Agustin kultur gunean gidatuko duen finalerako. Irabazleak multi abentura ekintza edo ikasbidairako laguntza irabaziko du; bigarrenakj laser partidak eta afaria lagunekin; hirugarrenak euskarazko disko eta liburuetan gastatzeko bonoa.
Gazteen zerbitzura interneteko Tuentin kontua ere sortu dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!