Durangaldeko sei herritako "ondare ezkutua" bistaratzeko

Anboto 2010ko ira. 27a, 11:40

Jardunaldietako protagonistetako bat den Mañariko Amabirjinaren Jasokundeko elizaren organuaren babesean egin dute egitarauan parte hartzen duten herri guztietako ordezkariek aurkezpena.

Durangaldeko sei herritan burutuko dira aurten Gerediaga eta Urkiola Landa Garapenerako elkarteek antolatuta eta Bizkaiko Aldundiak babesturiko Ondarearen Europako jardunaldiak. Jardunaldietako protagonistetako bat den Mañariko Amabirjinaren Jasokundeko elizaren organuaren babesean egin dute herri guztietako ordezkariek aurkezpena. Bizkaiko zaharrenetarikoa da Mañariko organu barrokoa, eta kontzertua eskainiko du Andres Cea Galán musikariak, urriaren 23an, 19:00etan, bertan. Aurkezpenean azalpenak ematen jardun duen Mañariko udaleko Igone Ikobaltzeta zinegotziak jakinarazi duenez, mendiko bisita gidatu bat ere izango da Ondarearen Europako jardunaldien barruan, Mañarian: urriaren 10ean eta 16an, 11:00etarako antolatu dute besteak beste, Azkondoko kobazuloa, Deabru Harria, eta kobazuloen ondoan eraikitako San Lorenzo eta San Martin ermitetara gerturatuko gaituen hiru orduko mendi bistita gidatua. Bidean, leku horiei lotutako mito eta legendak entzun ahalko ditzute parte hartzaileek. Durangon, Iurretan, Otxandion, Elorrion eta Garain antolatu dituzte ondarearen inguruko aurtengo gainontzeko jardunaldiak. Herri horietako \"alde ezezagunak\" bistaratzea da, Urkiola Landa Garapena elkarteko Aitor Loiolaren berbetan, antolaturiko ekimen guztien jomuga. Horrela, Errituak defuntuen alde izenburuagaz, Momoitioko San Juan eta San Migel elizara bisita gidatua eta erakusketa antolatu dituzte esaterako, Garain: urriaren 9an eta 30ean izango dira hitzorduak. Elorrioko Iturri kultur etxean, urriaren 4tik azaroaren 6ra arte egongo da bestalde, 1500 urtean altxatu zuten Kurutziagako gurutzeari buruzko erakusketa. Otxandion, Rock Izar eskolako musikarien biolin kontzertua izango da batetik, urriaren 16an, 18:00etan, San Martin baselizan, eta Santa Marina elizaren kanpandorrera bisita gidatua egingo dute urriaren 17an (11:00etan eta 13:30ean). Kurutze Santuaren \"sekretuak\" eta hilerriaren historia eta istorioetara gerturatzeko bisita gidatuak antolatu dituzte bestalde Durangon. Baserrietako errituen inguruko berbaldia eskainiko du Alberto Santana historialariak urriaren 24an, Iurretan, eta Arandian zehar ibilaldia izango da urriaren 2an eta 9rako aukeran. Sarrera librekoak guztiak; erakusketa bat, 23 bisita gidatu, musika emanaldi bi eta berbaldi bat jasotzen ditu Ondarearen Europako jardunaldien Durangaldeko programak. Ekimen guztiei buruzko informazio zehatza, bost udalen zein Gerediaga elkartearen web orrietan, eta Durangoko Turismo bulegoan ipini dute eskura. Hain geru ditugun arren sarritan \"ezezagun zaizkigun\" gure herrietako txokoak ezagutzeko eskaintza da urrirako antolatu dutena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!