Bigarren urtez Gerediagak antolatuko duten ekimenak oraindik jende askok ezagutzen ez dituen eskualdeko dantzak zabaltzea du helburu.
Gerediaga elkarteak antolatuta, Dantzaroa Durangaldeko dantza agerraldia egingo dute bihar Durangon. Bigarren urtez antolatuko duten ekimenak oraindik jende askok ezagutzen ez dituen eskualdeko dantzak zabaltzea du helburu.
Ekitaldia 19:00etan hasiko dute, kalejira bategaz. Durangoko udaletxe aurrean irten eta Santa Ana plaza, Goienkale eta Andra Maria kaletik behera Ezkurdiraino joango dira ilaran. Dantza agerraldia, berriz, 19:30ean egingo dute. Guztira, zortzi dantza erakutsiko dituzte: Agintariena, Banangoa, Makil jokoa, Garaiko Gernikako arbola, Arku dantza, Zintza dantza, Txotxongilo dantza eta Nesken soka dantza. Agerraldiaren amaieran, partaideentzat zein ikusleentzat baserriko oilaskoa dastatzeko aukera eskainiko dute.
Guztira, 130 dantzari batuko dira. Izurtza, Mañaria eta Garaitik dantza talde bana etorriko da; Abadiño, Berriz eta Durangotik , berriz, bina talde.
Folklore aberatsa
Durangaldeak dantza eta kanta folklore aberatsa gorde du. Garain, esaterako, dantzari eta herritarrak prozesioan joaten dira, eta Santiagoren irudiaren ohorez Gernikako arbola dantzatzen dute. Elorrion Errosarioko Ama Birjinaren aurrean errebonbiloekin arma alardea egiten dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!