Ekinen kontrako operazioan atxilotutakoak Guardia Zibilaren eskuetan daude oraindik. Ez dago argi noiz pasako diren epailearen aurretik.
Martitzen goizaldean Ekinen kontrako operazioan atxilotutako Egoitz Garmendia otxandiarra eta Urko Aierbe Durangon bizi den donostiarra Guardia Zibilaren eskuetan daude oraindik. Ez dago argi noiz pasako diren epailearen aurretik.
Agentzia batzuen arabera gaur pasa daitezke Grande-Marlaska epailearen aurretik, baina honek inkomunikazio aldia beste bi egunez luza dezake, hala eskatzen baldin badu. Beraz, gaur eta zapatua bitartean deklaratzea itxaroten da.
Fernando Grande-Marlaska epaileak gidatutako operazioan hainbat etxe eta lokal ere miatu zituzten, tartean Aierberen Durangoko etxea eta Garmendiaren gurasoen etxea.
Atxilotuen bi herrietan mobilizazioak egiten hasiak dira dagoeneko, eta inkomunikazioak iraun bitartean horrela segituko dute adierazi du amnistiaren aldeko mugimenduak. Tortura arriskuan daudela salatu dute.
Urko Aierbek osasun arazoak ditu, eta bere senide eta lagunek kezka agertu dute jaso dezakeen tratuaren inguruan. Atzo arratsaldean, Durangoko alkate Aitziber Irigorasegaz bildu ziren, Aierberen egoeraren berri eman eta inplikazioa eskatzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!