Aurten mende laurdena egingo du Cafés Baqué txapelketak; urtero legez Abadiño, Mañaria, Iurreta eta Atxondon jokatuko dituzte partiduak buruz buruz, kadete eta gazte mailan.
Bizkaian zein Euskal Herri mailan gazteei zuzendutako buruz buruko txapelketarik inportanteenetakoa -Elgetakoagaz batera- den Promesen Cafés Baqué Txapelketak 25. aldia du aurtengoa. Mende laurdena joan da Bazeta berriztarrak lehenengo txapela jantzi zuenetik. Harrezkero txapela jantzi dutenak handik denbora batera profesionaletan ikustea ohiko irudia bihurtu da. Aurten kadete eta gazte mailan parte hartuko duten 24 pilotariek ere urrats horixe emateko erakusleiho garrantzitsuenetakoa aprobetxatzea izango dute helburu.
Ohi moduan seina pilotariko lau multzo antolatu dituzte maila bakoitzean. Multzo bakoitza mailakatuta dago; horrela, eskualdeko hiru ordezkarietatik -hirurak kadete mailan- bik, Bereikua iurretarrak eta Martinez atxondarrak behe behetik ekingo diote bideari; Pradera mallabiarrak, berriz, hirugarren jardunaldian jokatuko du estreinakoa.
Lehiak eguaztenetan 19:00etan jokatuko dituzte txandaka Abadiño, Atxondo, Iurreta eta Mañariako pilotalekuetan. Finalerdiak urriaren 24an jokatuko dituzte Iurretan eta finalak urriaren 28an Atxondon.
Gazte mailan Arrietan markinarra, Tainta nafarra, Arratibel gipuzkoarra -iaz txapeldun kadete mailan- eta Aretxabaleta markinarra dira multzoburuak. Kadeteetan, berriz, Elezkano (Zaratamo), Labaka (Gipuzkoa), Apeztegia (Nafarroa) eta Atutxa (Galdakao).
[img]http://www.anboto.org/images/8100/8122/1.jpg[/img]
Txapelketan arituriko pilotariak ospakizunean
Astelehenean 25 urteak ospatzeko ekiatldia egin zuten Traña-Matienako Errota kultur etxean. Besteak beste, aldi askotako irudiak jasotzen dituen bideoa erakutsi zuten.
Pilota partiduak hartuko dituzten lau herrietako alkateez gainera, txapelketan parte hartu izan duten hainbat pilotarik ere euren babesa erakutsi nahi izan zuten. Ekitaldian izan ziren, esaterako, Asier Berasaluze, Eñaut Berasaluze, Rober Uriarte, Iñaki Iza, Alexis Apraiz, Ibai Zabala eta Oier Zearra.
Hasiera hartan, 1986an, txapelketa sortu zedin lan handia egin zuen Angel Garcia Ariñok ere orduko kontuak gogoratu zituen.